Bihar ere plazan izango dira

Ubane Madera 2019ko urt. 27a, 09:10
Pentsioen alde egindako elkarretaratzea, urtarrilaren 21ean.

Urteurreneko elkarretaratzean iragarritako moduan, pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioekin segituko dute Soraluzen. Hala, bihar astelehena, 12:00etan asteroko hitzorduari eutsiko diote, kasu honetan, hileko azkena izanik, manifestazioa eginez. Bestalde, “dei berezia” egin dute Martxoaren 8rako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera.

Urtea hasi zenetik pentsioen alde egindako mobilizazioetan gogora ekarri dute “urte honetan lortutako balantzea, urria izan arren” ez dela “gutxiestekoa” eta besteak beste, gaineratu dute “pentsiodunen mugimenduen eskakizunak alderdi politiko eta instituzioen agenda politikoan sartzea” lortu dutela egiten dabiltzan aldarrikapenei esker.

"Oinarrizko eskariak"

Hala ere, aitortzen dute aurrerapen horiek euren “oinarrizko eskarietatik oso urrun” daudela; hala-nola: “KPIaren araberako pentsioen gorakada iraunkorra bermatzea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa pertsonen pobrezia gainditze aldera, dagoen pentsioen arrakala murriztuz. Iraunkortasun faktorea behin betirako indargabetzea, baita ere  2011 eta 2013 erreformen alde kaltegarrienak indargabetzea. Pentsio sistema  publikoa bultzatu eta bermatu, eta hauen pribatizazioa salatu”.

Martxoaren 8rako deia

Hori horrela, eskaera horiek lortu arte mobilizazioekin segituko dutela iragarri dute. “Madril, Gasteiz eta Iruñeako gobernuei eta parlamentuetako talde parlamentario guztiei gutunak bidali dizkiegu zuzenean gure eskaerak izan ditzaten (…) Dagoeneko jaso dugu Madrileko parlamentuko bi talderen erantzuna, gurekin biltzeko borondatea azalduz. Baina, oraindik, beste batzuen artean, Urkulu jauna, guk, duela hilabete batzuk eskatutako bilera egiteko erantzunaren zain gaude”, jakinarazi dute.

Horrez guztiaz aparte, besteak beste, dei berezia egin dute Martxoaren 8rako antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzera.