Pili Alonso eta Alex Rodriguez: "Soraluzeko jendea oso irekia da eta herri txikiek lehen zuten goxotasun hori du"

Ubane Madera 2019ko urt. 26a, 09:10
Pili alonso eta Alex Rodriguez seme-alabekin. Argazkia: Alex Rodriguez.

Alex Rodriguez (Bergara, 1977) eta Pili Alonso (Tolosa, 1977) 2004. urtetik bizi dira Soraluzen.

Biak kanpokoak izanda, zelatan aukeratu zenuten Soraluze bizileku?
Alex bergararra da eta biok lana inguruan genuen. Etxebizitzen gorakadak zirela eta, Soraluzen egiten ari ziren etxebizitzen berri izan genuen eta gazteak izanda eta ilusio handiarekin bizitza berri bat hasteko, ideia ona iruditu zitzaigun. Gerora, poliki-poliki aurreztu eta Bergarara joateko asmoarekin.

Zein izan zen hasierako inpresioa? Eta orain duzuena?
Hasiera batean, herri bezala "oso polita" ez zela iruditzen zitzaigun, baina ilusio handia genuen eta ia-ia bakarrik lo egiteko gune bezala ikusten genuen. Gure bizitza, batetik bestera egiten genuen orduan. Bilbora ikastera joatean autobusetik pasatzean (Tolosatik), neure buruari galdetzen nion: Zein bizi ote da herri honetan? (Pili). Alexek berriz Elgoibarrera bidean  lagunekin: Ez da ba semaforo hau (Olako semaforo ohia) berde jarriko?(Alex)

Baina, bizitzera etorri bezain laster (ezagututako lehenengo egunean!), bizilagunek eurekin poteatzera jaisteko gonbidapena jaso genuen, eta inor ezagutu gabe, jator-jator hartu gintuzten beraien lagunak. Gure lehenengo poteotxoa!!!! Horrelakorik ez da gertatzen Tolosa edo Bergara bezalako herrietan, non jendea ez den hain irekia edo bakoitzak bere lagun taldeak dituen. Egia esan Soraluzen bereizgarria den zerbait, jendea oso irekia dela eta herri txikiek lehen zuten goxotasun hori duela.

Eta poliki-poliki, umeak izan, jende desberdina ezagutu eta gaur egun gustu-gustura gabiltza bertan, ez Bergara eta ez Tolosara joateko gogoarekin. Soraluze bezalako herri batek noski ez ditu beste herri handi batek dituen aktibitate edo gauza desberdinak baina badu zeozer jendea gustura sentitu arazten duena.

Beraz, erraz samarra egin zaizue herrian integratzea…
Aurreko puntuan esan bezala, hasieran bizilagunak (gaur egun lagun oso onak) eta ondoren, umeekin egunerokotasunak dakarren aktibitateen gora beherakoak jende jatorrarekin topatzeak ekarri digu. Gu ere ez gara geldi egotekoak eta Alex etxean geldirik mantentzea zaila da!

Gaur egun, herri txikiak baino hiriak “gustukoago” diren gizarte honetan, zer da zuei Soraluzetik gehien baloratzen duzuena? Eta gutxien?
Guraso bezala eta hiru seme-alaba izanda, Soraluzen duten autonomia aukera mundiala da, denok ezagutzen gara eta laguntzeko prest ere gaude. Honek eguneroko gestioan abantaila handia suposatzen du. Dena dago gertu, eta guretzako beharrezkoak diren baliabideak eskura ditugu, ala nola, erosketak egiteko iturriak, medikua, umeentzako eskola, kiroldegia, musika eskola...gehiago behar da? Egia da, hiriburuek badituztela beste aukera batzuk baina 3 hiriburuak gertu ditugu ere! Zeozer faltan botatzekotan eguzki "pixka bat“ litzateke!!!! Ez dakit eskatu ahal daitekeen proiektutxoren bat eguzki gehiago herri barrura sartzeko! Broma da!

Gomendatuko zeniokete norbaiti Soraluze bizitzeko?
Gure Tolosako eta Bergarako lagunei beti esaten diegu hemen oso gustura bizi garela eta beti saiatzen gara egiten diren gauza esanguratsuak zabaltzen.