Enrike Txurruka izendatu dute Bergarako Musika Bandako zuzendari

Ubane Madera 2019ko urt. 25a, 11:30
Bergarako alkate Elena Lete, Bandako zuzendari berria izango den Enrike Txurruka, Bandako oraingo zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Bandako zuzendaritzako kide Aitor Moraza. Argazkia: Bergarako Udala.

Asteon izendatu dute Enrike Txurruka soraluzetarra Bergarako Musika Bandako zuzendari, Bergarako Musika Bandaren hautaketa prozesuan parte hartu eta Musikenek gidatutako azterketan emaitzarik onenak eskuratu ondoren. 33 urtez bandako zuzendari izan den Alfredo Gonzalez Chirlaqueri hartuko dio erreleboa plazentziatarrak.

Soraluzetar baten batutapean jardungo dute datozen urteotan Bergarako Musika Bandako musikariak, Enrike Txurruka (Soraluze, 1973) aurkeztu dute-eta oraingo astean bertako zuzendari. Hain justu ere, gaur gaurkoz, zuzendari-ordea ya bada Txurruka, eta hemendik ekainera bitartean zuzendari karguak bere baitan dituen zereginak barneratzen joango da.

"Ohore handia"

Eguaztenean egindako aurkezpen ekitaldian bandako kideei eta Udalari eskerrak eman zizkien Txurrukak, berarengan jarritako konfiantzarengatik; eta espresuki Alfredo Gonzalez Chirlaqueri, musika eta balioak irakatsi izanagatik. “Oso ilusionatuta nago, niretzat ohore handia da, eta konfiantza eman didaten guztiei bueltan emango diet”.

Horrekin batera, soraluzetarrak bandari begira dituen asmoak aurreratu zituen: Gonzalez Chirlaquek esan ohi duen moduan, berak ere hurrengoari banda egoera onean uztea; eta banda osatzen duten eragile guztiekin (musikariak, entzuleak, Udala, herriko eragileak…) gizartearen aldaketetara egokitzen asmatzea.

"Pertsona maitatua eta errespetatua"

Alfredo Gonzalez Chirlaqueri dagokionez, orain arteko zuzendariak azpimarratu zuen konfiantza osoa duela Enrike Txurrukarengan, eta edozertan laguntzeko gertu izango duela. “Oso pertsona maitatuta eta errespetatua da bandan. Zeregin honetarako gaitasun nahikoa dauka, eta edozertarako alboan izango nau”.

Bergarako Udalaren laguntzarekin gauzatu da zuzendari aldaketa Bergarako Musika Bandan. Eta izendapen berria ere Elena Lete, Bergarako alkatea bertan zela egin zuten, Bergarako Udaletxean. 

Beti musikari emana

Enrike Txurrukak 30 urte daramatza Bergarako Musika Bandan; umetan ere Bergaran egin zituen musika ikasketak, eta ume zela ere joan zen bertara bizitzera, familiarekin. Hala ere, Soraluzen ere urte asmo eman zituen Txurrukak musikari lotuta, bestak beste, txistulari taldean.

Bestalde, oraingo domekan bandak egingo duen kontzertuan Enrike Txurrukak berak zuzenduko du kontzertuko lehen obra.