Urak hazita datoz, baina oraingoz bere bidean

Erredakzioa 2019ko urt. 24a, 09:53
Deba ibaiaren egoera, Zubi Nagusitik begiratuta, gaur goizean.

Bart gauean gora egin du, atzera ere, Deba ibaiko ur mailak. Oraingoz, baina, ubidetik irteteke doaz urak, nahiz eta ubide bazterrak dagoeneko ez diren ikusten Soraluzen. Eguraldi iragarpenaren arabera, hori bai, prezipitazioak ahultzen joango dira egunak aurrera egin ahala. Kontuak kontu, ikusgarri doa ibaia goiz parte honetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko datuen arabera, goizaldeko 02:30ean erregistratu du Deba ibaiak emaririk altuena. Soraluzetik gertuen dagoen aforalekuan, San Prudentzion (Elorregin), 65.754 metro kubiko segunduko emaria neurtu dute. Eta gau partean antzera samar segi ostean, azken datuen arabera (08:30ekoak) dagoeneko ur emaria 60.495 m3/s-ra jaitsi da. Hori bai, oraindik orain, alerta horian dago Deba ibaia.

Prezipitazioa ahultzen

Euskalmeten, euskal meteorologia agentziaren arabera, gainera, eta nahiz eta goizean oraindik ere prezipitazioa ugaria izango den, apurka-apurka ahulagoak eta tartekatuagoak izango dira. Eta bihar bide beretik segituko du, prezipitazio txikiarekin.