Teknika, zaporea eta aurkezpena aintzat hartuta, hiru opilik onenak sarituko ditu epaimahaiak otsailaren 3an, San Blas egunaren bueltan antolatutako lehiaketan. Ohi moduan, lehiaketarako opilek etxean egindakoak izan behar dute, eta egunean bertan eraman behar dira Plaza Berrira, lehiaketa hasi baino 15 minutu lehenago.
Hain justu ere, lehiaketarako izena ere orduantxe eman daiteke, lehiaketa baino 15 minutu lehenago, alegia. Edo aldez aurretik udaletxera joanda bertan ere eman daiteke izena, otsailaren 1a (barikua) da azkeneko eguna. Interesa duen edozeinek parte har dezake ekimenean; hori bai, 16 urtez azpikoek heldu baten laguntzaz aurkeztu beharko dute.
Iaz zazpi lehiakide
Hiru sari izango dira jokoan: lehena, 50 eurokoa; bigarrena, 30 eurokoa eta hirugarrena, 20 eurokoa. Aurten,13:15ean hasiko da lehiaketa, domekako umeen mezetan bedeinkatuko dituzte-eta San Blasa opilak, eta hura bukatu eta gero izango da txapelketa, Plaza Berrian. Opilak gertu daudenean, guztiak dastatu eta ondoren jakinaraziko du erabakia epaimahaiak. Iaz Udal ordezkariek eta Itxaropena elkarteko ordezkariek osatu zuten berau.
Orain dela 12 urte hasi zen Udaleko Kultura Batzordea San Blas opilen lehiaketa antolatzen, bi helbururekin: herriko opilik onenak saritzeko eta San Blas egunean opilak egiteko ohitura galdu ez dadin.
Hala ere, eta kontuan hartuta herritar mordoak egiten dituela San Blas opilak etxean, gutxi dira lehiaketara aurkeztera animatzen direnak. Iaz, adibidez, zazpi lagun bakarrik aurkeztu ziren eta orain dela bi urte bederatzi herrikide. Bi kasuetan, hori bai, irabazle berbera izan zen: Geine Rosangela Dos Santos.