Mini-garbigunea ipiniko dute Soraluzen ere

Ubane Madera 2019ko urt. 18a, 18:01
Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariak eta Ermuko, Mutrikuko eta Mallabiko Udaletako ordezkariak, gaur goizean. Argazkia: Debabarreneko Mankomunitatea.

Debabarreneko Mankomunitateak 12 mini-garbigune ipiniko ditu eskualdeko zortzi udalerrietan, garbiguneetan utzi behar diren materialen gaikako bilketa egiteko. Soraluzen ere ipiniko dute bat, Erregetxean. Hain zuzen, Soraluzeko Udalaren eskaria aintzat hartuta ipiniko dute zerbitzu berria.

Datorren asteko martitzenaz geroztik, Soraluzen mini-garbigune zerbitzua ere izango da. Argazkiak erakusten duen moduko etxolatxo bat ipiniko du Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak.

Helburua, honakoa, Arcadio Benitezen, Mankomunitateko presidentearen esanetan: “Zati berrien gaikako bilketa hurbilduko du sareak eta birziklatzean aurrera egitea ahalbidetuko digu, herritarren parte-hartzea erraztuz”.

Mugikorrak, bonbillak, plantxak…

Debabarreneko Mankomunitatetik esplikatu dutenez, etxola edo mini-garbigune bakoitzak izango ditu zortzi tiradera txiki, honako materiala lagatzeko: telefono mugikorrak, CDak eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono-kargagailuak eta erradiografiak.

Horrez aparte, mini-garbiguneak tamaina handiagoko sei kubo ere izango ditu, 80 litrotik 120 litrora bitartekoak, honako elementu hauek lagatzeko: kable elektrikoak eta txatarra bolumen txikia, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, txigorgailuak...) ordenagailu eramangarriak, bideo-kontsolak eta bideo-jokoak, 10 litro baino gutxiagoko edukiera duten pintura-potoak eta inprimagailuetako kartutxoak.

Herritarrek eskatutakoa

Aipatutako material guztiak dira birziklagarriak, baina ezin dira edukiontzietan laga, garbiguneetan baizik. Hain justu ere, Soraluzen, 2017an hainbat herritarrek egindako eskaeretako bat izan zen hori, hondakinen bilketaren sistema aldatu behar zela jakinarazteko egindako batzar publikoan, egindakoa, hain justu,

Alegia, garbigunera eraman beharreko gailu txikiak herrian bertan batzeko zerbitzua eskatu zuten, herritar batzuek ez dutelako aukerarik Eibarko edo Elgoibarko garbiguneetara joateko. Eskaera aztertuko zuela erantzun zuen orduan alkateak. Eta zentzu horretan, Iker Aldazabalek gaur jakinarazi du Debabarreneko Mankomunitateari eskaera helarazi eta orain ipiniko dutena moduko zerbitzua ipintzeko aukera azter zezan proposatu zuela.

Bada proposamena aintzat hartu eta Soraluzen ez ezik, eskualdeko gainontzeko udalerrietan ere ipiniko dituzte mini-garbiguneak. Gaur, barikua, prentsaurrekoa egin dute Eibarren, sare berria aurkezteko.

Informazioa etxez etxe

Izan ere, guztira, halako 12 ipiniko dituzte eskualdean. Zerbitzu berria aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Arcadio Benitez, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko presidentea; Igor Agirre Mallabiko alkatea, Jose Ramon Gombau Ermuko zinegotzia eta Ion Gambra, Mutrikuko zinegotzia.

Mankomunitateko presidenteak iragarri du erakundetik, gainera, baliabideak jartzen segituko dutela, gaikako bilketa areagotzeko, baina horrekin batera, herritarren konpromisoa eskatu du: “Guztion konpromisoa behar da bilketa-ehunekoak handitzeko”.

Mini-garbiguneak martxan ipini aurretik, eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe, zerbitzu berriaren gaineko nondik norakoak esplikatzeko.