Gauza batzuk egin diren arren, oraindik asko dago egiteko

Ubane Madera 2019ko urt. 16a, 15:27

Hezkuntza Mahaian parte hartu zuten eragile eta herritarrak, atzo Herriko Antzokian.

Jendetsua izan zen atzo Hezkuntza Mahaiak egin zuen batzarra. Herriko elkarte eta erakunde ugari ordezkatzen dituen eragile asko bertaratu zen: Soraluzeko ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteetakoak, udal ordezkari politikoak zein udal teknikariak, dantza taldekoak, Sorapediakoak, Kukumixokoak, Soraluzeko Musika Eskolakoak eta hainbat herritar ere bai. Sakona eta luzea izan zen batzarra.

Herrixak Hezi Hezkuntza Proiektuaren sorrera eta haren helburuak esplikatu ondoren, proiektu horren baitan dauden egitasmoen deskargua, proiektuaren kudeaketa eredua eta gaur egungo egoera aztertu zituzten atzo iluntzean Herriko Antzokian egindako batzarrean. Bi ordu iraun zuen bilerak.

Zazpi egitasmo abian

Hori horrela, eta egitasmoei dagokienez, Andoni Iñurritegi dinamizatzaileak gogora ekarri zuen zazpi ekimen abiarazi zituela Hezkuntza proiektuak 2016an, aurreikusita 2016tik 2020rako agintaldian gauzatuko zirela. Eta haien garapenaren eta egoeraren berri eman zuen.

  • 1- Eskola Bidea: Proba pilotua arrakastaz gauzatu zen (50 bat umek parte hartu zuen); orain inplementazio fasean dago.
  • 2- Haurren Herriari Ekin: Estaziñoko parkearen eraldaketa egin zen eta orain Ezozibideko parkeari, eskolako patioaren berrantolaketari eta skate parkeari begira dabiltza.
  • 3- Soraluze Bizi Soraluze Izan: herriko identitatea, kultura eta historia transmititzeko helburuarekin, webgunea sortu eta hura edukiz hornitzen dabiltza, hiru gai oinarri hartuta hasieran: armagintza, kultura herrikoia eta Deba ibaia. Otsaila bukaerarako nahi dute proiektua aurkeztu. Bi norabide izango ditu, informazioz hornituta eta eskolako eta institutuko ikasleek osatzeko aukera eskainiko duena.
  • 4- Eskola Herritarra: sorreran izan zuen funtzionamendu asanblearioa bertan behera geratu denez, orain, interes komunak izan ditzaketen kolektiboei begira dabiltza lanean. Esaterako, abenduan gurasoei zuzendutako bi hitzaldi antolatu zituzten.
  • 5- Sormen Tallarra baliatuta bi ikastaro antolatu dituzte, erantzun ona izan dutenak.  
  • 6- Aukeran Danok egitasmoaren baitan, diru-laguntza zuzenak eman zaizkie, bereziki, beharra erakutsi duten ikastetxeetako ikasleen familiei; eta eskolaz kanpoko hezkuntza jardueretan, berriz, ez dizkiete kuotak kobratu egoera berean daudenei. Egiteko dago laguntza horiek bestelako esparru batzuetara ere zabaltzea, adibidez, Soraluzeko Musika Eskolara edo igeriketa ikastaroetara.
  • 7- Eskutik Eskura: behar bereziak dituzten ikasleei eskolaz kanpoko errefortzuak emateko egitasmoa lantzeko zailtasun asko aurkitu dituzte bidean eta ez du aurrera egin oraingoz. 

Ondorioak, taldeka


Horren guztiaren berri eman ondoren, besteak beste eta batzarraren azken fasean, taldeka jarri eta bertaratutakoek egoeraren hausnarketa egin zuten, gero guztien artean partekatu zutena.

Ondorio nagusiak honakoak izan ziren:

  • 1- Hezkuntza proiektuari buruzko informazioa bertako kide diren eragileek baduten arren, herritarrengana ez da iritsi. Eta eragileek eurek ere, ez dute proiektuaren osotasunaren berri. Osotasunaren aterkia galdu egin da.
  • 2- Hezkuntza Mahaia hiru urtean batzartu ez izanak ez du lagundu haren garapenean.
  • 3- Oso modu positiboan baloratu zen gaur egungo dinamizatzaileak egindako lana.
  • 4- Oro har, gizartean konpromisoak hartzeko erresistentzia dago. Ikusi da, proiektuetan jende berbera dabilela batetik bestera eta oro har, Herrixak Hezu Hezkuntza proiektuak inplikazio handia eskatzen du. Hala ere, proiektuak potentzial handia duela ere azpimarratu zuten.
  • 5- Kudeaketa ereduak zenbait hutsune dituela baloratu zen eta kudeaketa eremuek betetzen duten funtzioaren aurrean zalantza agertu zen, hori dela eta, gidaritza edo jarraipen talde baten beharra aipatu zen, gaur egungo koordinazio guneek bete ezin izan dituzten funtzioei erantzuteko.
  • 6- Koordinatzaile aldaketa asko izan ditu proiektuak eta horrek erreferentzialtasun falta ekartzeaz gain, informazioaren transmisioa zaildu egin du.  
  • 7- Proiektu batzuk gauzatu dira edo martxa onean doaz (Eskola Bidea, Jolasan estaziñua, Soraluze bizi, Soraluze izan…) eta eduki mordoa dago landuta. Hori modu positiboan baloratu zuten.

Gauzak horrela, bada, atzoko batzarrean hausnartutakoa aztertu egingo dute datozen asteotan, aurrera begira proposamenen bat egiteko asmoarekin.