Mugi, Barik eta Bat txartelak EAEko garraio publiko guztietan erabilgarri

Ubane Madera 2019ko urt. 15a, 16:20
Autobusa Errekalderantz.

Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako garraio publiko guztietan erabili ahalko dira laster Mugi, Barik zein Bat txartelak. Bestela esanda, Euskadiko autobus, tren zein tranbia publiko guzietarako baliagarriak izango dira aipatutako hiru txartelak. Halaxe jakinarazi du Euskadiko Garraio Agintaritzak.

Gipuzkoako Mugi, Bizkaiko Barik eta Arabako Bat garraio txartelak hiru lurraldeetako garraio publikoetan erabili ahal izateko hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Lurralde Agintaritzak, Euskotrenek eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak.

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde Antonio Aizen esanetan, horri esker, "Mugi txartela Euskotrenen Bizkaiko trenbide-zati osoan eta Bilboko Metroan erabili ahal izango da, eta Bat zein Barik txartelak, berriz Gipuzkoako trenbide-zatian".

Metroa eta Lurraldebus

Bestela esanda, bi berritasun ekarriko ditu hitzarmen berri horrek: bi hilabetean, Mugi txartelaren erabiltzaileek Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineatan bidaiatzeko aukera izango dute eta Lurraldebuseko garraiobideek Bat eta Barik txartelak errekonozituko dituzte.

Aizek jakinarazitako xehetasunen arabera, “Euskotrenek emandako urratsa dela medio, eta laster Bilboko Metroan txartelaren elkarreragingarritasuna ezarrita, txartel bakarraren ezarpena % 50ekoa izango da erkidegoko garraio publikoan. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ere urratsak ematen ari da etorkizunean dBusen eta Lurraldebusen Mugi, Bat eta Barik txartelak elkarreragingarritasunean erabili daitezen”.

Garraio publikoetako txartelen elkarreragingarritasunari begira, hurrengo pausoa txartel bakarra sortzea izango da. Eta hori zela egin aztertzen jarraituko dutela berretsi dute Euskadiko Garraio Agintaritzatik.