70 bat herritarrek babestu zuten "pentsio publiko duinen" atzoko elkarretaratzea, eta berretsi egin zuten azken urtebetean egin duten moduan, aurrerantzean ere, "kalean" segitzeko asmoa dutela.
Gaineratu zuten, besteak beste, hauteskunde testuingurua baliatuko dutela alderdi politikoei eskatzeko "posizionatu daitezen" euren eskaeren aurrean, eta azpimarratu zuten edozein gobernuren aurrean euren "kontsigna" izango dela "pentsioak defendatzea".
Gogora ekarri zuten, hori bai, orain arteko mobilizazioei esker honakoak "lortu" dituztela: "pentsioak %01,7 eta %1,6 igotzea, pentsio minimoak %3 igotzea; alargunen soldata arautzailearen kalkulua %55 eta %60koa izatea 2018an eta 2019an hurrenez hurren eta iarunkortasun faktorearen aplikazioa 2013ra arrte luzatzea.
Hala ere, nabarmendu zuten oraindik "oso urruti" daudela euren erreibindikazio nagusien aurrean; hau da, "pentsioen KPIren igoera urterokoa izatea bermatzea; baita 2011 eta 2013ko pentsio laboralen erreformak ere eta oro har, kalitatezko zerbitzu publikoak" lortu nahi dituzte, euren esanetan, euren bizitzaren azken fasean duintasunez bizi daitezen.
Mobilizazio gehiago
Laburbilduz, bada, inguruko udalerrietan moduan, Soraluzen ere kalean segituko dute pentsio publiko duinen alde protestan. Horren adibide, gonbita egin zuten zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko. Eta jakina, astelehenero Soraluzen egiten dituzten mobilizazioetan parte hartzen segitzeko.
"2019ko urte honetan berriro ekin diegu kontzentrazioei eta iaz bezalaxe kalean jarraituko dugu ziur gaudelako borroka hau irabazi egingo dugula, ez bakarrik gure pentsioak defendatzeko, baita ondorengo belaunaldienak ere", adierazi zuten bukatzeko.