Aratusteak 2019

Mozorro lehiaketa abian

Ubane Madera 2019ko urt. 14a, 13:30

'Soraluzeko estropadak' mozorroak irabazi zuen iaz.

Argitaratu dituzte aurtengo mozorro lehiaketan parte hartzeko kontuan hartu beharreko irizpideak. Ipuinak da Aratuste batzordeak aukeratu duen gaia, eta parte hartzeko, besteak beste, taldeka aurkeztu beharra izango da.

Hain justu ere, mozorro lehiaketara aurkezteko bi baldintza bete beharko dira: martxoaren 2an kontzejupean ipiniko duten photocall-ean argazkia atera eta honako whatsapp zenbakira bidaltzea: 688 61 36 98 eta taldeka mozorrotzea.

Sei puntu eta hiru sari

Oinarriak betetzen dituzten parte-hartzaileen kasuan, berriz, epaimahaiak sei puntu baloratuko ditu: erakutsitako umorea; sortzen duten giroa; originaltasuna; janzkera; eszenografia eta mozorroak gaiarekin duen lotura.

Epaimahaiari berari dagokionez, Aratuste batzordeak izendatutako hainbat lagunek osatuko dute, eta  haren puntuazioak %60ko pisua izango du puntuazio orokorrean. Gainontzeko puntuazioa herritarrek erabakiko dute zeini eman atari honen bitartez, Plaentxia.eus-en egingo den bozketaren bitartez (martxoaren 3an 13:00etan hasi, eta martxoaren 4an 00:00ak arte).  

Hiru sari izango dira: 150 euro lehenengoarendako; 100 euro bigarrenarendako eta 50 euro hirugarrenarendako.

Iazko hiru irabazleak honakoak izan ziren, hurrenez hurren: Soraluzeko estropadak, Ezoziko Ama Ternuan eta Titanic-en hondoratzea.