San Andresko jaiak

“Azken 45 urtean, ez da izango San Andresen jaiotako umerik Lajak soinua jota silla-jokuan dantzan egin ez duenik” Esteban Laskurain

Egoitz Unamuno 2019ko urt. 14a, 09:59

Laja soinua jotzen iazko San Andresko jaietan.

Zapatu eguerdian hil zen Iñaki Garmendia “Laja” soinujolea, hogeita hamar urtean baino gehiagoan San Andresko jaiak alaitu zituen musikaria.

“Azken 45 urtean, ez da izango San Andresen jaiotako umerik Lajak soinua jota silla-jokuan dantzan egin ez duenik” adierazi dio Plaentxia.eus-i Esteban Laskurain San Andresko elkarteko kideak. Izan ere, hogeita hamar urte baino gehiago egin ditu azkoitiarrak San Andresko jaietan soinua jotzen. Hain justu, iazko San Andresko jaietan omenaldia egin zioten auzotarrek, berari eta bere emazte Axun Dorronsorori, “horrenbeste urtean soinua joz auzoko jaietara ekarri duen alaitasuna eskertzeko Lajari, eta hori posible izan zedin egin duen lan isila eskertzeko Axuni”.

Azken urteotan, Lutxurdio panderojotzailea izan du aldamenean, baina, aurretik, urte askoan, Landakanda azkoitiarrarekin batera jardun zuen: “Lehen beti Landakanda lagun zuela etortzen zen, eta gidatzeko karnetik ez zeukanez, berak ekartzen zuen autoan. Azken urteotan, elkarteko bazkideok ekarri izan dugu”. Askotan, auzoko panderojoleek ere jo izan dute Lajarekin.

Jaietako azken egunean, auzotarren egunean, etorri izan da Laja San Andresera. Bazkal aurrean, umeendako jolasak girotu ohi zituen, eta, bazkal ostean, bazkaltiarren kantu eta dantza-saioak (baita afal ostean ere).  Estebanek azaldu duenez, "lasai etortzen zen, beti gustura egoten zen jan edanean, eskerronekoa zen eta ez duen prixarik izaten amaitzeko. Eta musika aldetik zuen kalitatea? Ezer egiten ez ziharduela ematen zuen eta zelako trikitixak jotzen zituen!".

Laja soinujotzaile nekaezina zen, orduak eta orduak ematen zituen soinua jotzen, jendea asetzen zuen arte. Azkotiarrak arrasto handia laga du San Andresen, Euskal Herriko beste herri eta auzo askotan bezala.  

Hileta elizkizuna gaur, astelehena

Azkoitiko Maxixatzen herri-komunikabideak jakinarazi duenez, haren aldeko hileta elizkizuna izango da gaur, astelehena, Azkoitiko parrokian, 19:00etan. Trikitiaren baitan batzen diren hainbat lagunek trikiti doinuekin lagunduta agurtuko dute Laja maisua; beilatokitik elizara soinu eta panderoak eskuetan hartuta joango dira. Ondoren, eliza barruan fandangoa joko dute, eta irteeran kalejira batekin emango diote betirako agurra Lajari.