Martxoak 8

M8 plataforma sortzeko deia

Ubane Madera 2019ko urt. 14a, 11:00

2018ko mobilizazioan plaza beteta.

Inguruko udalerrietan moduan, Soraluzen ere Martxoaren 8rako plataforma sortzeko gonbita egin dute. Eta horretarako batzar ireki bi deitu ditu Korner Morea elkarte transfeministak: urtarrilaren 24an, 16:00etan eta 19:00etan, Herriko Antzokian.

Iazko Martxoaren 8ko mobilizazio historikoak ikusita, 2018ko amaieratik bertatik badabiltza dagoeneko aurtengo Martxoaren 8a lantzen elkarte eta mugimendu feministak.

24 orduko greba deialdia

Horren adierazle, azaroan bertan hasi zen Emakumeen Mundu Martxa Martxoaren 8ko greba prestatzen. Besteak beste, ildo horretatik batzarra egin zuten Arrasaten, eta hantxe izan ziren ere Soraluzeko Korner Morea elkarte transfeministako ordezkariak. Eta Euskal Herriko mugimendu feministak dagoeneko egin du 24 orduko greba deialdia Martxoaren 8ari begira.

Bide berari eutsita, herriz herri dabiltza M8 plataformak sortzen eta Soraluzen ere egin dute horretarako deia: urtarrilaren 24an, eguena, 16:00etan eta 19:00etan batzar irekiak izango dira, Herriko Antzokian, bertan parte hartu nahi duenarendako.