Sare Herritarrak emandako datuen arabera, 75.000 herritar inguru batu ziren atzo Bilbon, eta beste 9.000 Baionan. Herritik, 100 soraluzetar baino gehiago joan ziren Bilbora Sarek antolatutako hiru autobusetan. Horietako hainbatek antolakuntzako boluntario moduan jardun zuten. Bestalde, politikari eta gizarte erakundeen ordezkarien artean joan zen Gotzon Elizburu herritarra, Sortuko mahai nazionaleko kide moduan.
Espetxe politika normaltzeko eskaera
Pili Kaltzada kazetariak eta Javier Sadaba filosofoak irakurri zuten Bilboko manifestazioaren amaierako agiria. «Hasieran Espainiako gobernu berriak bakerako urratsak egiteko asmoak zituela bazirudien arren, milaka lagunengan piztu ziren esperantzak laster zapuztu zituen», esan zuten, «luzapenetan dabilelako, berea den konponbidearen ardura zinikoki presoen bizkarrean jartzen, indarkeria eta errepresioaren zikloa ixteko eskakizun maila altxatuz».
Kaltzadaren eta Sadabaren esanetan, «presoen hurbilketari dagokionez hitza betetzen ez duen gobernu baten aurrean gaude». PSOEren gobernuak hilabete gutxi daramatzala onartuta ere, gogorarazi zuten «hauteskunde urteak espetxe politika gizatiartzeko balizko erabakiak arriskuan» jar ditzakeela; batez ere, eskuin muturraren presioaren ondorioz. Horregatik, espetxe politika lehenbailehen «normaldu» egin behar dela deritzote, eta «salbuespenari» amaiera eman.
EAEko estatutu berrian
Kaltzadak eta Sadabak eskaera zuzena egin zioten Eusko Legebiltzarrean EAEko estatutu berria diseinatzeko lanean ari den lantaldeari: presoek espetxealdia euren jaioterritik gertuen dagoen kartzelan betetzeko «eskubidea» jaso dezatela estatutu berriaren proposamenean.
Kaltzadaren eta Sadabaren esanetan, euskal gizarteak urteak daramatza «auzolanean elkarbizitza eta bakea eraikitzen». Atzoko manifestazioa ere ahalegin horren segidan jarri zuten biek: «Gaur [atzo], gizarteak etorkizunari begira jartzeko eta sufrimendua bukatzeko beharra duela erakutsi dugu, eta, horretarako, gizartearen presioak eta mobilizazioek bakarrik mugiaraziko dituzte mugitu nahi ez duten estatuak».
Ekitaldiaren amaieran, preso katalanak eta «konspirazio neofrankista makabro horrek kondenatu dituen» Altsasuko (Nafarroa) gazteak ere akorduan izan zituzten, eta «elkartasuna» adierazi zieten. Txalo zaparrada batez hartu zituzten manifestariek hizlarien berbak.
Esker on mezua
Sarek mezua zabaldu du atzo manifestazioan parte hartu zuten herritarrak zoriondu eta eskerrak emanez: "Zorionak elkarbizitzarako pauso hau emateko zuen konpromisoa erakutsi duzuen guztioi. Elkarrekin lortuko dugu!".
Albiste hau osatzeko Berria.eus webguneak kaleratu duen informazioa baliatu dugu, CC lizentzia librea erabilita.