Fernando eta Antxon Garcia, haien senideak, Raid Pandemonium rallyko partaideetako batzuk, dokumental bien egile Jairo Berbel eta Cuore Ibai Grande dokumentalean azaltzen den Nahia umea, haren gurasoak eta AFESD elkarteko kideak aretoan zirela aurkeztu zituen atzo iluntzean, zapatua, Antxon Garciak berak Ibai Cuore Grande eta Raid Pandemonium dokumentalak.
Lehena, Allan-herndon-dudley sindromea duen Ibai ume eibartarraren gaineko ikus-entzunezkoa da; bigarrena, berriz, Marokoko basamortuan zehar zazpi urtez egin duten lasterketa ez lehiakorraren gainekoa.
Txalo zaparradak
Biek ala biek, hori bai, elkartasuna, laguntasuna, esperantza eta irribarrea dituzte komunean. Eta mezu horiek helarazi zizkieten aretora bertaratu zirenei. Igarri egin zen hori ze ikusleen feedbacka nabarikoa izan zen, txalo zaparrada bitartez, zein ikus-entzunezkoak ikusi ahala egiten zituzten barreen eta komentarioen bitartez.
Omenaldia amatxoei
Emanaldia hasi baino lehen, gainera, omenalditxoa egin zieten Antxon eta Fernando Garciaren amatxoei eta amaginarrebari. Lore sorta bana eman zien Fernando Garciak Eva Molledori, Dioni Sagastari eta Eleuteria Ordaxi.
Izan ere, Antxon Garciak esplikatutako moduan, hiru amatxoek ezin dute Raid Pandemonium lasterketa ikusi, eta zela edo hala, lasterketa eurengana ekarri nahi izan dute, kasu honetan dokumental modura.
Eta iazko edizioan, berriz, Marokora abiatu aurretik, bertan izango ziren ibilgailuek Soraluze zeharkatu zuten, eta tartean, Dioni Sagastaren, Fernando Garciaren amaren etxepetik pasatu ziren, hark lasterketako ibilgailu guztiak ikus zitzan.
Antxon Garciak jakinarazi zuenez, Raid Pandemonium dokumentalaren estreinaldian, Eibarko Coliseoan ere gauza bera egin zuten euren emazteekin, Pandemoniuma moduko rally batean “parte hartzen lagatzen” zietela eskertzeko.
Dirua AFESD elkartearendako
20:30ak ingurura arte iraun zuen emanaldia txalo zaparradarekin bukatu zen, eta amaieran, Gartziatarrek bertaratutakoei eskerrona erakutsi zieten, gogora ekarriz atzokoan batutako dirua AFESD elkartera, gaixotasun arraroen elkartera bideratuko zutela.
Raid Pandemonium dokumentalari buruz, berriz aditzera eman zuten Debagoieneko hainbat alkaterekin jarri direla harremanetan, bertako udalerrietan ere erakusteko asmoarekin.
Eta rallyari buruz, berriz, jakinarazi zuten aurtengo ediziorako izen-ematea dagoeneko itxita dagoela, 25 partaidek parte hartuko dutela Marokoko basamortuko rallyan, Gartziatarrak laugarrenez joango direla, eta aurten C15 furgoneta batekin bertaratuko direla.
Martxoaren 30ean
Hori bai, orain arte moduan eta Fernando Gartziak azpimarratu zuenez, “ikasten ikastera” joango dira. “Izan ere, basamortuan dena da ikasgai. Gauza asko ikasi behar dira. Hura norbere aita moduko zerbait da, eta norbera ume txiki bilakatzen da, ikasi behar duen guztiaz: nora joan, zer egin, zela konpondu… basamortuaren handitasuna ikusgarria da. Edozein modutan, segurtasuna erabat bermatuta dago antolaketari esker”, gaineratu zuten osaba-lobek.
Martxoaren 30etik apirilaren 7ra bitartean gauzatuko da 2019ko rallya. Aurten, baina, ezin izango dira Soraluzetik pasatu joan aurretik, denbora aldetik marjin barik ibiliko direlako.
Lapurreta
Hori bai, amaiera gazi-gozoa ere izan zuen atzoko ekimenak. Izan ere, AFESD elkartekoen hainbat material lapurtu zuten ezezagunek, materialaren mahaia antzoki sarreran utzi zutela aprobetxatuz.