Hezkuntza proiektuaren batzar irekia deitu dute

Ubane Madera 2019ko urt. 10a, 12:19

Hezkuntza proiektuaren aurkezpena Herri Antzokian, 2016an.

'Herrixak Hezi', Soraluzeko Hezkuntza Proiektuaren baitan egindako ekimenen berri eman, haien jarraipena egin eta proiektuaren antolaketa ereduari buruz hausnartzeko batzar irekia deitu dute. Datorren asteko martitzenean, hilaren 15ean izango da, 18:30ean, Herri Antzokian.

Azken bi urteotan, Herriko Hezkuntza Proiektuaren baitan hainbat egitasmo abiatu dituzte, batzuk jarraitu dute 2016an aurkeztutako plan estrategikoaren ildotik. Beste batzuk, berriz, zenbait moldaketa izan dituzte.

Horren guztiren berri emateko eta proiektuaren antolaketa ereduari buruz hausnartzeko, batzar irekia egin nahi dute ekimenaren dinamizatzaileek. "Herriko hezkuntza eragile nagusiekin batera, hezkuntza mahaian parte hartzera gonbidatu" nahi dituzte herritar guztiak.

Datorren asteko martitzenerako egin dute, hain justu, hitzordua: urtarrilaren 15ean, 18:30ean, Herriko Antzokian. "Ea parte hartze zabala lortzen dugun eta denon artean aurrearntzzean jarraitu beharreko bidea zehazten dugun. 2019an ere jarrai dezagun hezkuntzatik eragiten!", azpimarratu dute.