Gatza lagako dute, betiko tokietan

Ubane Madera 2019ko urt. 9a, 09:49
Elurra mendietan, urriaren 29an. Argazkia: Julian Ezenarro.

Eguraldi iragarpenak aintzat hartuta, Soraluzeko baserri auzoen errepasoa egingo dute Soraluzeko Udaleko langileek ikusteko gatza non dagoen eta non falta den. Eta falta den tokietan atzera ere lagako dute, betiko puntuetan. Euskalmeten arabera, eguenean 200-500 metro inguruan egin lezake elurra, goizean batez ere, hala ere, prezipitazio txikia espero dute. Hotz egingo du, hori bai.

Eguraldi adituak egunak daramatzate iragartzen badatorrela fronte hotza. Euskalmetek, euskal meteorologia agentziak dio gaur, eguaztena, azken orduetan izotza egingo duela mendi inguruetan. Eta bereziki etzirako, eguenerako datorrela hotza. Hain justu, eguenean zein barikuan, tenperatura maximoak 4-5-6 graduren bueltan ibiliko direla diote, eta minimoak, berriz, zerotik gertu.

Prezipitazio txikia

Horren ondorioz, elurraren maila nahikoa baxua izango da, baina hala ere elur txikia aurreikusten dute. “Prezipitazioa, bereziki goizaldean eta goizean goiz egingo du, 200-500 metro inguruko elur-kotarekin, baina aurreko egunean bezala, ostegunean ere, pilatuko den prezipitazio kopurua urria izango da. Eguerditik aurrera eta ekialdetik hasita, atertzera eta argitzera egingo du”, diote.

Barikuan, berriz, izotza aurreikusten dute, bereziki, barnealdeko toki askotan. Eta hortik aurrera, zapaturako ja tenperaturen igoera iragarri dute. 

Urrian egin zuen

Iazkoarekin alderatuta, aurtengo udazken-neguan ez du apenas elurrik egin oraingoz. Iaz bederatzi aldiz zuritu zituen Soraluze eta inguruko mendiak, eta aurten, berriz, urriaren amaieran mendi inguruan elurra egin zuen arren, harrezkero ez gaitu berriro ere dama zuriak bisitatu.