Urtarrilean bi dokumental eta hiru pelikula emango dituzte

Ubane Madera 2019ko urt. 11a, 10:45
Iazko Raid Pandemonium-eko kideek Soraluzera egindako bisitako talde argazkia.

Bihar, zapatua, Grande Cuore Ibai eta Raid Pandemonium izeneko ikus-entzunezkoak proiektatuko dituzte Herriko Antzokian. Domekan, berriz, umeendako zinema saioa izango da, eta hurrengo eguenean estreinatuko dute, berriz, Ostegunetako Pelikulak zikloaren aurtengo jarduna.

Atzo, eguena, Ibaixa garbi zegoeneko testigantzak izeneko ikus-entzunezkoa eman ondoren, bihar, zapatua izango da urtarrileko kultura agendarekin lotutako bigarren hitzordua: Raid Pandemonium ikus-entzunezkoaren proiekzioa.

Elkartasunezko rallya

Zazpi urte daramatzate rally hori egiten. Eibartik abiatu zen iazko martxoan, eta partaide izan zituen, besteak beste, Fernando Garcia soraluzetarra eta haren loba Antxon Garcia.

Gainera, Soraluzeko Udalak ere laguntzen du ekimena. Horrela, Marokora abiatu aurretik, Soraluze bisitatzen dute, eskerrak eman eta basamortura eramango dituzten ibilgailu ikusgarriak erakusteko, guztiak ere 25 urtetik gorakoak. Bada, hori guztia jasotzen duen dokumentala landu du Jairo Berbel elgoibartarrak eta berau da bihar emango dutena, 19:30ean, Herriko Antzokian.

Gaixotasun arraroak

Raid Pandemonium ikus-entzunezkoaren proiekzioaren aurretik, baina, beste bat emango dute: Grande Cuore Ibai, hori ere Jairo Berbelek egindakoa. Allan-Herndon-Dudley sindromea du Ibai ume eibartarrak. Munduan gaixotasun berbera duten 130 lagun daude bakarrik. Eta dokumentalaren proiekzioa baliatu nahi dute, besteak beste eta Garciaren esanetan, "halako gaixotasunei ikusgarritasuna emateko".

Garciak, gainera, gonbita berezia egin die umeei bertaratzeko: “Dei egingo nieke 8-16 urte bitarteko neska-mutikoei bereziki, ikus dezaten, adibidez, badaudela eskolara joan ezin duten umeak”. Bi euro da sarrera. Eta batutako dirua AFESD elkartera bideratuko dute, diagnostikatu bako gaixotasunen elkartera.

Zinema hitzorduak

Domekan, berriz, umeendako zine emanaldia izango da 17:00etan: Itsasontziak erreskatean pelikula, Soraluzeko Udalaren eta Atxolin Guraso Elkartearen eskutik.

Eta hurrengo eguenean emango duten El Reino izeneko pelikulak estreinatuko du Ostegunetako Pelikulak egitasmoaren aurtengo zikloa. Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren filma 21:00etan emango dute, ohi denez.

Urtarrileko emanaldiak borobiltzeko, hilaren 27an umeendako zinemarekin beste hitzordu bat izango da: Oihaneko Kuadrilla filma emango dute, hori ere 17:00etan hasita.