Errabaleko obrak hasteko guztia gertu lagatzen dabiltza

Ubane Madera 2019ko urt. 8a, 18:14
Lauki gorriak markatzen duen lekuan SAPAko markesina ipiniko dute. (Argazkiak: Soraluzeko Udala).

Dagoeneko hasi dira egokitzapenak egiten eguenean Errabal kalean urbanizazio lanak has ditzaten. Zubi Nagusian ohiko edukiontziak ipini dituzte, lurrazpikoak ezin izango dira-eta erabili. Olako aldapako aparkalekuetan, berriz, hesiak ipini dituzte, bertako ibilgailu guztiak erretiratu egin behar direlako. Eta besteak beste, SAPAko markesina Estaziora lekualdatuko dute.

Errabaleko urbanizazio lanek ekarriko duten zirkulazioaren berrantolaketarako egokitzapenak egiten hasita dago ja Soraluzeko Udala.

Esaterako, gaur goizean ipini dituzte ohiko edukiontziak Zubi Nagusian, taxiaren aparkalekutik gaztetxera artean. Izan ere, obrek iraun bitartean, ezin izango dira erabili lurrazpiko edukiontziak, haiek husteko kamioia ezin delako bertatik pasa. 

Olako aldapatik gora, bi noranzko

Ipini dituzte ere hesiak Olako aldapako aparkalekuetan, bertako ibilgailu guztiak bihar 18:00etarako, erretiratu egin behar direlako, errepide horrek bi noranzko izango dituelako.


Hor kentzen dituzten aparkalekuen partez, berriz, aukera izango da bidegorri sarreran aparkatzeko.

Markesina ipiniko dute

Eta besteak beste, Soraluzeko Udalak iragarri du SAPAko markesina kendu eta Estazioan ipiniko dutela, errepide hori ere bi noranzkoa izango denez, Eibar edo Donostia aldera doazen autobusen erabiltzaileei egoteko toki bat egokitzeko. Gorriz azaltzen den laukia dagoen tokian kokatuko dute markesina.



Bihar, berriz, semaforoak ipintzen hasiko dira, besteak beste. Hori horrela, semaforoak ipiniko dituzte Ezozibidean, Arraikuan, Estazioan eta Olan, kale horiek bi noranzko izango dutelako. Eta besteak beste, semaforoak ipiniko dituzte ere Atxuri inguruan, bertan aparkatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioa erregulatzeko.