XX. mende erdialdeko Soraluze ikusgai sarean

Egoitz Unamuno 2019ko urt. 8a, 14:00

Nicolas Morillok Udalak 90. hamarkadan argitaratu zuen Garai bateko irudiak (1953-1973) ikusentzunezkoa jarri du ikusgai Youtubeko bere kanalean. Bideo horretan jasotzen dira Juanito Zabaleta "Botikarioa"-k joan zen mendearen erdi aldera Super 8 formatuan grabatu zituen irudietako batzuk. 

 

Badira hogei bat urte Soraluzeko Udalak Garai bateko irudiak (1953-1973) ikusentzunezkoa argitaratu zuela VHS formatuan. Sasoi hartan bideoak zabalpen handia izan zuen eta herritar askok eskuratu zuten kopia bana. Orain, Nicolas Morillo herritarrak digitalizatu egin du ikusentzunekoa eta sarean jarri du ikusgai, youtubeko bere kanalean
 

Juanito Zabaletaren grabazioak

Bideoak 53 minutu inguru ditu, eta osatua dago Juanito Zabaleta "Botikarioa"-k 1953-1973 bitartean Super 8 formatuan grabatu zituen "zine pelikulen" zatiekin. Zazpi ataletan dago antolatua: erlijio gaiak, txangoak, jaiak eta kirolak, herria, danborradak, sokamuturra eta gizartea. Tartean, garai hartan oso ezagunak ziren plazentziatarrak ageri dira: Artadi medikua, Turkua... (Informazio gehiago: Sorapedia.eus)
 

Laster, grabazio guztiak udalaren esku

Bideo horretan argitaratutakoez gain, badira Juanito Zabaletak grabatutako irudi gehiago ere. Iker Aldazabal alkateak Plaentxia.eus-i azaldu dionez, iazko udazkenean Maria Jesus Zabaletak -Juanitoren alabak- Soraluzeko Udalari jakinarazi zion aitaren grabazio gehiago zituela eta bere nahia zela udalari ematea, honek herritarren eskura jar zitzan. Alkateak eta Zabaletak Euskadiko Filmotekaren egoitzara eroan zituzten Super 8-ko pelikula guztiak eta dagoeneko digitalizatuta daude. Digitalizatutako pelikulen kopia bat filmotekan geldituko da eta bestea Zabaletan jasoko du. Datozen asteetan, Zabaletak udalari emango dizkio digitalizatutako grabazioak eta udalaren asmoa da etorkizunean irudiok DVD batean argitaratzea eta interneten zintzilikatzea, herritarrek ikusi ahal izan ditzaten.