Goizaldeko hirurak pasa zirenean, Santa Ana kaleko bizilagun bati auto baten zaratak atentzioa eman dio. Leihora irten, eta kalera sartzea galarazten duen pibotearen aurrean “edozein modutan” lagatako automobila ikusi du, eta baita “bi gazte ere, gauza zuzenetan” ez zebiltzanak. “Zertan zebiltzan ez dut ikusi, baina zuzen ez zebiltzala bai”, kontatu dio Plaentxia.eus-i lekukoak.
Matrikula apuntatuta
Susmo txarra hartuta, bizilaguna zarataka hasi da, eta gazteek ospa egin dute. Seguruena, bizilagunaren zaratek eragotzi dute lapurreta, ordurako, ja Ana Mariren saltokiko atearen heldulekua desmuntatuta zuten eta.
“Eskerrak sarraila ona dudan”, esan du Ana Marik oraindik sustoa gorputzean zuela. Hain justu, goizean jabetu da Ana Mari lapurreta ahaleginaz. Saltokira sartzen ahalegindu denean, atearen heldulekua lurrean aurkitu du, bazter batean.
Lapurrak uxatu dituen bizilagunak goizean goiz eman dio gertatuakoaren berri Udaltzaingoari. Autoaren matrikula ere eman die, berau apuntatzeko besteko argitasuna zuen eta.