Jesus Urizar hil da

Ubane Madera 2019ko urt. 7a, 17:13

Jesus Urizar, Duo Plaentxiko kideetako bat hil egin da, 69 urte zituela. Soraluzeko musikaria ezagun egin zen Mexikoko eta Hego Amerikako doinuak abestuz, Nubay hirukotearekin hasieran, Duo Plaentxirekin 1988az geroztik, eta Basaur hirukotearekin, 2015. urteaz geroztik. Bihar egingo diote azken agurra Elgoibarko Bartolome Deunaren parrokian, 19:00etan.

1965. urtean hasi zuen musikari ibilbidea Jesus Urizarrek, Ines Maiztegirekin eta Jose Luis Badiolarekin batera Trio Nubay taldea osatu zutenean, 16 urterekin; Soraluzeko kuadrillen lehiaketa batera aurkeztu ondoren sortu zen hirukotea.

Sorapediak gogora ekartzen duen moduan, bi urteren ondoren, Nubay hirukotea desegin egin zen eta Badiolak eta Urizarrek elkarrekin jarraitu zuten, modu pribatuan abestuz. 

2007an diskoa

20 urte pasa geroago, 1988. urtean, Duo Plaentxi sortu zuten Badiolak eta Urizarrek. Urte hartan Justina Abaskali omenaldia egin zioten Iñaxio jatetxean, eta afaloste hartan Jose Luis Urizarrek eta Jesus Badiolak ekitaldia egin zuten Duo Plaentxi izena erabiliz.

Harrezkero handik hona jardun zuten kantuan, beti Mexikoko eta Hego Amerikako doinuak interpretatuz. Eta 2007an CDa argitaratu zuten, euren abesti arrakastatsuenekin: Veracruz, Flor silvestre, La flor de la canela, El crucifijo de piedra...

Beti musikaren bueltan

Azken urteotan, berriz, atzera ere hirukote bilakatu eta Trio Basaur taldea osatu zuten, Eibarko Santi Sarasketarekin batera. Hain zuzen ere, hiru musikarien abizenekin osatu zuten hirukote berriaren izena, 2015ean. Eta, besteak beste, 2015ean eta 2016an Soraluzen kontzertuak eskaini zituzten, bai Santiago-Santa Ana jaietan eta baita Andramaixetan ere.

Gazte joan da Jesus Urizar. Hala ere, 2007an Barreni, Elgoibarko tokiko aldizkariari Jesus Urizarrek eta Jose Luis Badiolak eurek esandako moduan: “Primeran pasatu dugu elkarrekin. Musika mundua zoragarria da. Eta lagun handiak gara”.