Udaltzain bat gutxiago, oraingoz

Ubane Madera 2019ko urt. 7a, 10:34

Udaltzainen txamarrak, Udaltzaingoan.

Soraluzek, oraingoz, udaltzain bat gutxiago du jardunean. Polizia munizipalek 60 urtera arte aurrera dezakete erretiro adina, Espainiako gobernuak udaltzainen aurre-erretiroa erregulatuko duen dekretua onartu izanaren ondorioz. Urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean dekretu hori eta Soraluzen agente batek hartu du aurre-erretiroa.

Estatu mailako Udaltzaingo guztietan aplika daitekeen dekretua onartu zuen joan den abenduaren 14an Espainiako Ministroen kontseiluak. Haren arabera, baldintza jakin batzuk betez gero, udaltzainek aurre-erretiroa hartzeko eskubidea dute.

Hain justu ere, Gizarte Segurantzaren arabera, erretirorako adina aurreratu egin daiteke jarduera jakin batzuetan, nekezak, arriskutsuak, toxikoak, osasunarendako kaltegarriak edo heriotza tasa handiak eragin ditzaketen jardueren kasuan. Eta kasu horien barruan daude kontenplatuta udaltzainenak.

Soraluzen, hiru

Bada, Soraluzen dekretuak ezarritako baldintzak betetzen dituzten hiru udaltzain daude: Iñaki Arriaga (Arrasaten dihardu lanean), Luis Angel Gallastegi eta Nestor Iñurrieta. Eta hiru horietako batek, Luis Angel Gallastegik eskubide hori baliatu eta aurre-erretiroa hartu du.

Gauzak horrela, Soraluzen datozen asteotan hiru udaltzain ibiliko dira lanean. Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez, gaia lantzeko Euskal Autonomia Erkidego mailako batzarra egingo dute urtarrilaren 16an, Bilbon, Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak deituta.

Batzarra Bilbon

“Hutsik geratuko diren udaltzainen postuok bete egin beharko ditugu era batera edo bestera. Arazoa udalerri guztiek dugu; Eibarren, adibidez, 5-6 udaltzain erretiratzen dira. Eta orain ez dago nahikoa udaltzain izango diren baja guztiak betetzeko. Arkautin hasi dira lan-poltsa berriren bat eratzeko prozesua. Guk, adibidez, uztailean hartzen dugun errefortzua Arkautiko lan-poltsatik hartzen dugu. Edozelan ere, xehetasun gehiago eskuratuko ditugu hilaren 16ko batzarraren ondoren”.  

Udaltzainen kolektiboak eta bertako sindikatuak urteak eman dituzte eskubide hori aldarrikatzen, 60 urterekin erretiratzeko eskubidea aldarrikatzen, alegia. Eta hori lortzeko, mobilizazioak ugaritu egin zituzten joan den urtean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.