Sabin Elizburu Muniozguren: "Soraluze bihotzean dago"

Ubane Madera 2019ko urt. 5a, 09:14

Sabin Elizburu, Simone semearekin eta Julen Elizbururekin.

Sabin Elizburu Muniozguren (Soraluze, 1956) 16 urterekin izan zen lehen aldiz Milanen, 1972an. Iparrameriketan 5 urtez ibili zen pilotari (zesta-puntalari) eta Milanen bizi da 1992az geroztik.

Zela iritsi ziren Milanera?

15 urterekin Zaragozara joan ondoren, honako ibilbidea egin dut: Zaragoza-Milan-Daytona-Melbourne (Florida)-Bartzelona-Milan- Orlando- Tallahassee eta Milan. Ia 39 urte bete arte lortu nuen pilotan segitzea. Ez nuen lesiorik izan, eta gorputzak eutsi egin zidan. Zortea izan nuen eta ahalegina ere egin nuen.

Orain taberna duzu Milanen.

Bai, Taberna Vasca Jai Alai. Pilotan nenbilela, FER-en ordezkari ere banintzen eta Danobat eta Mondragon Taldeko enpresa batzuetakoak ere bai. Gero Italiako enpresa batek komertzial hartu ninduen eta 6-7 urtez horretan ibili ondoren, Gernikako nire lagun batzuek taberna zuten eta bazkide sartzeko eskatu zidaten. Orain dela 16 urte hor sartu nintzen eta hor gabiltza. Jose Torres (El Gallego) eta Josu Etxaniz ziren bazkideak. Orain Josuren emaztea eta neu geratzen gara, beste biak hil egin ziren-eta.

Soraluze gertutik jarraitzen duzu, ezta?

Soraluze bihotzean dago. Plazentxiatarra naiz. Lagunik handiena, Juan Manuel Arruabarrena Soraluzen bizi da. Eta semeak kuadrilla dauka hor.

Zer igartzen duzu faltan bereziki?

Familia eta lagunak. Berba asko egiten dut Juan Manuel Arruabarrenarekin (lagun-mina); parvulariotik laguna dut, han ezagutu ginen eta astean pare bat bider egiten dut berarekin berba.

Euskara ere ondo gordeta duzu.

Ahal dudan guztietan euskaraz egiten dut. Amak erakutsitako hizkuntza mantendu egin behar dugu.

Buelatuko zinateke Soraluzera?

Milan asko maite dut. Ondo bizi naiz eta herri ona da. Baina hilabete batzuk hor eta beste batzuk hemen, oso gustura egingo nituzke. Soraluzen nagoenean, umea zapata berriekin moduan egoten naiz.

Zenbatero etortzen zara bisitan?

Kintadara. Aurten maiatzean egon nintzen eta nire lagun bat italiarra ere etorri zen. Bost egun a tope ibili ginen. Ama eta aita bizi zirenean urtero joaten nintzen, orain kintadara, bi urtetik behin.

Sabin Elizburu 1994an, Soraluzeko jaietako San Pantaleon egunean. Honakoak ditu lagun, eskumatik hasita: Mendieta, Aretxaga (Lekeitio), Sabin bera, Arrien, Berraondo (aita soraluzetarra du andoaindarrak), Pello, Arakistain eta Azkaiturrieta (Markina-Bolibar). Oharra: Pil-pilean aldizkarian Sabinen elkarrizketan sartutako antzinako argazkikoak Markinako pilotariak ziren; bertan ez da Sabin azaltzen. Barkatu eragozpenak.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.