Indarkeria matxistaren kontrako isiltasun ozena

Ubane Madera 2019ko urt. 3a, 21:04

Plaza Berria eta udaletxe ondoko aldapa beteta zirela, isilik baina ozen aireratu dute gaur Soraluzen ehunka lagunek indarkeria matxistaren kontrako oihua. Herritarrekin batera, bertan izan dira ere EAJko, EHBilduko, Sortuko eta PSE-EEko ordezkari politikoak. Korner Morea elkarteak “plaza bete” izana nabarmendu du, gai honekiko “gizartearen aldaketaren” erakusle.

Euskal Autonomia Erkidegoko urteko lehen indarkeria matxista kasua izanda, ohi baino oihartzun handiagoa izan du joan den martitzenean Soraluzen izandako eraso matxistaren kontrako elkarretaratzeak.

Kolore guztietako ordezkariak

Horren erakusle, protesta ekimenean parte hartu duten ehunka herritarrekin batera bertan izan dira ere EAJko, EHBilduko, Sortuko eta PSE-EEko ordezkari politikoak; tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarresta eta Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza; Gipuzkoako PSE-EEko Gipuzkoako idazkari Eneko Andueza; Soraluzeko alkate Iker Aldazabal; bertako EH Bilduko ordezkari Unai Larreategi; Parekidetasun batzordeburu Patricia Borinaga eta udalbatza osatzen duten kolore guztietako zinegotziak.

Gizartearen aldaketa

Amaierako txaloek apurtu dute bakarrik elkarretaratzean gailendu den isiltasuna. Eta bukaeran, bertaratutakoei eskerrak emateaz gainera, elkarretaratzea deitu duen Korner Morea elkarte transfeministako ordezkari Olatz Sebalek nabarmendu du urtea “notizia beltzekin” hasi dela Soraluzen, baina era berean, “plaza bete” dela, eta horrek erakusten duela “gizartea zelako aldaketa dabilen izaten gai honekin”. Soraluzeko gertakariaz aparte, egunotan izan diren bestelako eraso matxistak ere gaitzetsi ditu Sebalek.

"Beste bat" da

Eskatu du, bestalde, biktimak horrela nahi duelako, ez jarraitzeko galdetzen zeintzuk diren, biktimaren identitatea zein den berdin delako, “beste bat” delako. Jakinarazi du, baita ere, erasotzaileari urruntze agindua ezarri diotela eta dagoeneko ez dagoela Soraluzen. “Espero dugu horrelako notizia beltz gehiagorekin ez betetzea plaza”, bukatu du.