Lapurretan egin dute Allegro elkartean

Egoitz Unamuno 2018ko abe. 27a, 11:00
Lapurra ibai aldeko fatxadako leihotik sartu delakoan daude.

Bart gauean, bulegoko atea indarrez zabaldu eta kutxan gordeta zeukaten diru "apurra" eroan dute. 

Gaur goizean, garbitzailea elkartera sartu denean konturatu da lapurrak sartu direla eta berak eman die abisua bazkideei. Bulegoko atea zabalik zegoen eta zerraila apurtuta.

Lapurra ibai aldetik sartu delakoan daude, sukaldeko leihoak parez pare topatu dituztelako eta sarrerako atea ikutu barik. 

Elkartean falta den ondasun bakarra bulegoko kaxan zeukaten diru "apurra" da. Gainerako material guztia; edariak, tresnak... bere lekuan daude. 

Dagoeneko Ertzainak izan dira elkartean eta egin dute atestatua. Orain, aseguru etxearen kalte-ordainak jasotzeko gestioak hasi ditu elkarteak, eta hain zuzen, "horixe da lanik gehiena ematen duena", Maialen Oregi zuzendaritzako kidearen esanetan.

Bigarren aldia da aurten Allegroan lapurretan egin dutena, orain hurrengo, abuztuan egin zuten. Hori dela eta, pentsatzen dihardute elkartean dirurik ez lagatzea, inork lapurretarako tentaziorik izan ez dezan.