Beatriz Akizu: “Eusko Ikaskuntzak lagundu nahi du Euskal Herri osoa josiko duen begirada bat sortzen” (Elkarrizketa osorik)

Egoitz Unamuno 2018ko abe. 27a, 08:00

Beatriz Akizu (Soraluze, 1969) Eusko Ikaskuntzako soziopolitika arloko koordinatzailea da. Azken hilabeteotan, buru-belarri jardun du erakundearen mendeurreneko kongresua prestatzen. Itziarren bizi da, baina benetan A8an bizi dela dio Euskal Herriko mutur batetik bestera.

Badira urte batzuk Soraluzetik kanpora bizi zarela?

Bai, 23-24 urte herritik kanpora bizi naizela. Gaur egun Itziarren bizi naiz, baina beti esaten dut Plazentziakoa naizela. Egia esateko, gaur egun A8an bizi naiz.

Eusko Ikaskuntzako lanak eskatuko dizu mugitzea…

Bai, bere garaian musika irakasle ibili nintzenean ere asko mugitzea tokatu zitzaidan ere eta aukera izan nuen Euskal Herria ezagutzeko eta, orain, Eusko Ikaskuntzak ere aukera hori ematen dit. Lurraldetasuna lantzen dugu eta hor nabil Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldean, batez ere, Lapurdin.

2008an, Eusko Ikaskuntzan hasi zinenean, erakunde horretako urak lasaiago joango ziren orain baino…

Garai hartan urak txepelak eta erakunde batean urak txepel daudenean peligrosoa izaten da. Justu sartu nintzen krisi garai batean eta berritze sakon bat behar zuenean. 2012-2013 bitarte horretan erakundea goitik behera aldatu zen.

Aurretik akademia klasiko baten ereduari jarraitzen zion, baina ya ez zion erantzuten bere sorrerako misioari; euskal gizarteak dituen beharrak eta premia kondo identifikatu eta horiei erantzuteko proposamen berritzaileak eskaintzea.

Orain dela ehun urte, orduko elite intelektualek sortu zuten egitura egonkor gisa, lau aldundiek bultzatuta, zegoen hutsunea betetzeko. Euskal kultura bultzatzeko eta euskal gizarteak behar zituen egituratze prozesuak abian jartzeko misioa zuen. Gerra aurretik, esaterako: Euskaltzaindiaren sorrera bultzatu zuen eta El Estatuto del Estado Basco-Navarro erredaktatu zuen. Azken hau bere horretan gelditu zen, baina, gerora, erreferentzia moduan erabili izan da. 

Gaur egun, zertan dihardu Eusko Ikaskuntzak?

Gure helburua da herri-proiektu bat martxan jartzea Euskal Herri osoko markoa kontuan hartuta. Egoera ezberdina da toki bakoitzean kultura, erakundetze eta eskumen-maila, egite-modu eta ikuskera aldetik.

Dagoen inteligentzia guzti hori konektatzea eta behetik gorako prozesua abian jartzea da gure egitekoa eta horretan dihardugu orain dela hiru urtetik.

Ze emaitza eman du Geroa Elkar-Ekin kongresuak?

Gure leloa izan da ‘etorkizuna izango dela nahi dugun hori’ eta horretarako elkarrekin lan egin behar dugu ezberdinen artean. Ez dugu kontzentsua bilatu nahi izan, ideia desberdinak, kontrajarriak askotan, jasotzea eta metatzea zoru komuna identifikatzeko.

Hasieran adituekin egindako diagnostikoa herritarrekin eta eragileekin partekatu dugu. Identifikatu ditugu etorkizunean zein eszenatoki ikusten diren faktibleak eta horiei erantzuteko zein agenda proposatzen dugun. Politikari batek esango luke hau bide konstituziogile bat dela.

Gizarte mugimenduek indartsu dihardute, zuek konektatu egin nahi duzue guzti hori?

Bai. Hori da zor dioguna euskal gizarteari. Euskal gizartea aktibatuta dago, ezagutza izugarria dauka eta gainera hemen badago auzolanerako ohitura, falta zaiguna da konektatzea eta behetik gorako mugimendu horrek eragitea erakundetzean. Guk badugu harremana erakundeekin, unibertsitatearekin, gizarte zibilarekin eta gure eginkizuna da horiek konektatzen laguntzea.

Herri mugimenduek sortzen diztuzte errealitatea interpretatzeko modu berriak, feminismotik adibidez, eta hori da behar duguna gure erakundeak berritzeko, gobernantza eredu berriak sortzeko, erakundetze prozesu berriak sortzeko. Eusko Ikaskuntzak lagundu nahi du Euskal Herri osoa josiko duen begirada bat sortzen. Dena gizartean dago eta egin behar dugun gauza bakarra konektatzea da. Erakundeak aldatuko dira, benetan lortzen dugunean eskaintzea errealitateari erantzuteko modu berriak. Erakundeek ofizioz egonkortasuna bilatzen dute eta aldaketa gizartetik etorri behar da.

‘Gobernantza eredu berria’ aipatzen duzue.

Globalizioak dakarren uholdearen aurrean, herri moduan sendo bagaude, gauza izango gara gure nortasunarekin erantzuteko. Behar dugu kultura politiko demokratiko bat garatzea etorriko zaigun aniztasun guzti horri erantzuteko eta benetan denon artean behar ditugun proiektu komunak sortzeko, dela ikuspegi abertzaletik, dela ikuspegi sozialetik.

Azkenean, da, gure lurraldean bizi garenok ditugun baliabide natural eta kulturalekin -Euskal Herri osoko ikuspegia du Eusko Ikaskuntzak-, nola nahi dugu egotea etorkizunean eta zein harreman nahi dugu munduko gainerako lurraldeekin? Politikariek erraz dute. Erantzunkizuna guztiona da. Ireki bideak prozesu parte hartzaileen bidez eta ziur topatuko ditugula moduak etorkizuneko proiekzioak irudikatzeko.

Zerk trabatzen gaitu?

Orain gauden aro aldaketa honetan, erakundeak eta botere-harreman horiek kontrolatzen dituztenek beldurra daukate ikusten dute aldaketa premia dagoela eta beldur horiek kudeatzen lagundu behar diegu. Ahalbideratu behar dugu herritarrek parte hartzea eta interpelatuta sentitzea.   

Soraluzen ere jarri zen martxan parte hartze prozesu bat: Alkarrekin.

Funtsezkoa da. Kultura demokratiko berriaz hitz egiten dugunean hortaz ari gara. Parte hartze hartze prozesuak altxorrak dira. Berdin da gaia zein izan eta emaitza sinplea izatea. Hor sortzen duzun dinamikaren bitartez ezagutza eskaintzen ari zara gai konplexuagoen inguruan eztabaidatzeko. Horrek egiten du herria.

Udaletxeak dira herritarrengandik hurbilen daudenak eta aukera izugarria dute hori lantzeko. Egia da, landu beharra daukagula metodologiak benetan halako prozesuetan ahots ezberdinek hitz egin dezaten. Baina, kultura politiko desberdinak eta ahots desberdinak jasotzea eta konexioan jartzea, hori da gobernantza eredu berria.

Amaitu aurretik, beste ezer esateko?

Gonbidatu nahi ditut herritarrak Eusko Ikaskuntzaren parte izatera, bazkide egitera, mugimendua pertsonok sortzen dugulako.