Pil-pileaneko eta Kukumixoko kideek urtero baliatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etxola “istorio bat” kontatzeko eta “balore batzuk” transmititzeko. Aurten, ibaiaren inguruko historia aukeratu dute gai moduan: “Alkarrekineko lan-taldeak bilketa lan ederra egin du eta uste dugu garrantzitsua dela gaztetxoenei ibaia garbi zegoeneko kontuak transmititzea: txanela, arrantza, hiztegia, jolasak… Gure intentzioa da etxolara hurreratzen denari aitzakia eskaintzea horretaz berba egiteko”.
24an, kalejira
Abenduaren 24an, goizeko 11:30ean harrera egingo diete Olentzero eta Mari Domingini udaletxe parean. Ondoren, Leire Elizbururen idi parea izango dute zain, Arkaitz Aranak Zeanuritik ekarriko duen burdi ederraren gainean kalejira abiatzeko. Bidean, gabon-kanta berriak ere abestuko dituzte: Olentzero ta astoa, Mari Domingi… Amaitzeko, kiroldegian gutunak jaso eta opariak banatuko dituzte.
Laguntzaileei eskerrak
Antolaketan dihardutenek eskerrak eman nahi dizkiete modu batera edo bestera muntaia lanetan eta kalejiran laguntzen duten guztiei: “brigadako langileei, arotzari, elektrizistei, iturginari, baserritarrei, belardendakoei, gurasoei, irakasleei…”.