'Patria' telesaila grabatzeko hautagaien artean da Soraluze

Ubane Madera 2018ko abe. 22a, 09:14
'Patria' eleberriaren azala.

Patria, Fernando Aranbururen eleberria zortzi kapituluko telesail bihurtuko du HBO Españak. Eta oraindik ofizialki baieztatu ez duten arren, Soraluzek aukera handiak ditu telesailaren kokagune nagusienetako bat izateko; "Bittoriren", pertsona nagusienetako baten, jaioterri izateko.

Asteak daramatzate Soraluzeko hainbat etxe, taberna, eliza, kale eta puntu aztertzen, Patria telesailaren balizko kokaleku izateko. Soraluzerekin batera, Euskal Herriko eta atzerriko bestelako kokaleku batzuk ere badabiltza aztertzen, eta grabazio guztiak non egingo dituzten erabaki arte, ez dituzte kokalekuen izenak jakinaraziko.

Hala ere, dagoeneko eskatu dute Soraluzeko Udalean udalerrian grabatzeko baimena, eta baita eskuratu ere, aho batez, udal ordezkari guztien aldetik.

Gainera, Pil-pileanek jakin izan duenez, abade-etxea behin baino gehiagotan bisitatu dute, badabiltzalako aztertzen berau izatea Bittoriren etxebizitza. Eta herriko hainbat tabernatan ere galdetu dute bertan grabatzeko aukeraz, eta ezezkoren bat ere jaso dute.

Elena Irureta eta Ane Gabarain

HBO Europek produzituko duen lehen telesail espainola izango da Patria. Elena Irureta (Bittori), Ane Gabarain (Miren) eta Jose Ramon Soroiz izango dira, besteak beste, aktore nagusiak. Otsailean hasiko dute grabazioa, telesaila 2020an estreinatzeko asmoarekin. Alea Mediak produzituko du zortzi kapituluko telesaila, eta Aitor Gabilondo donostiarrak egin ditu gidoiaren egokitzapen lanak. Zuzendariak, berriz, Pablo Trapero eta Felix Viscarret izango dira.

Patria eleberria Fernando Aranburuk idatzi zuen, 2016an. Euskal gatazkan oinarrituta dago eta gatazkaren ondorioz elkarren kontra bizi diren bi familien istorioa du ardatz. Bere garaian, oihartzun mediatiko handia lortu zuen liburuak, eta baita sariak ere.