Eztabaida luzea, soldata kontuekin

Ubane Madera 2018ko abe. 20a, 12:12

Udalbatzarra atzo, eguaztena, aurrekontuaren gaineko osoko bilkuran.

Atzoko osoko bilkurako eztabaidarik luzeena soldata kontuek eragin zuten. EHBilduk atzera ere aurpegiratu zion alkateari “larregi” kobratzen duela Soraluze moduko udalerri bateko alkate izateko. Kontraeraso modura, alkateak mahai gainean ipini zuen oposizioko bozeramale Unai Larreategi Batzar Nagusietan EHBilduko aholkulari izanda, haren soldata maila ere ez dela hala-moduzkoa izango.

EHBilduk agintaldi osoan jarri du zalantzan Iker Aldazabal alkatearen soldata. Oposizioko koalizioaren ustez, hark “larregi” kobratzen du Soraluzeren tamainako udalerri bateko alkate izateko. Gogora ekarri zuten alkateen soldaten baremoan, legeak eta Eudelek ezartzen duen mailarik “altuena” duela Iker Aldazabalen soldatak. Eta atzoko osoko bilkuran atzera ere mahai gaineratu zuten kontua.

Soraluzekoak gehiago

Konparazioa eginez, behin eta berriro galdegin zioten Adlazabali ea zela den posible Soraluzeko alkateak Zumaiako (EAJ), Legazpiko (EAJ), Errenteriako (EHBildu) edo Azpeitiko (EHBildu) alkateek baino gehiago kobratzea, udalerri haiek Soraluze baino handiagoak izanda.

Liberatuak

Alkateak horri erantzunez salatu zuen EHBilduk “demagogia” egiten duela gai hori behin eta berriro mahai gaineratzean. Horrekin batera, azpimarratu zuen, batetik, aipatutako udalerri horietan, alkateaz aparte, agintean dauden gobernuek bestelako liberatu batzuk ere badituztela ordainpean, eta Soraluzen berriz, alkatea bera bakarrik dagoela liberatu.

Eta bestetik, EHBilduko bozeramaileari aurpegiratu zion Batzar Nagusietan (BBNN) EHBilduko aholkulari moduan duen soldata ez dela hala-moduzkoa izango.

Era berean, EAJk Udal Gobernuan kide duen alderdi sozialistako zinegotzi Patricia Borinagak azpimarratu zuen bera ere gobernuan izan arren, ez duela soldatarik kobratzen Soraluzeko Udaletik, alkatea delako liberatu bakarra. Nabarmendu zuen alkatearen soldatak ez dakarrela inolako “murrizketarik” bestelako arloetan.

Aholkularia soldatapean

Udal Gobernuko kideek gogora ekarri zuten, besteak beste, Txipi Arizagaren agintaldian eta Hiart Arluziagaren agintaldiaren zati batean ezker abertzaleak aholkulari figura sortu zuela “nahierara” izendatuta eta soldatapean. Eta figura horren kontra egonda ere, PSE-EE abstenitu egin zela aurrekontuei buruzko osokoan, aurrekontua onar zedin.

Kontra-erantzun modura, Unai Larreategik esan zuen alkatearen soldata ez dela demagogia, interes orokorreko gaia baizik. Esplikatu zuen BBNNetako aholkulari izateagatik kobratzen duenaren zati bat koalizioari ematen diola dohaintzan, eurei koalizioak “gehienezko” soldata muga ezartzen dielako, eta salatu zuen ere, BBNNetan kobratu beharrekoa berez ja ezarrita dagoela, eta Soraluzeko Udalean, berriz, eurek erabakitzen dutela zein izango den soldata maila.

Soraluzeko Udalean izandako aholkulari kontuei buruz, berriz, azpimarratu zuten haren soldatak ez zuela murrizketarik eragin Udalaren bestelako partidatan.

Hortik aurrera ere, luze segitu zuten eztabaidan, soldata kontuak elkarri aurpegiratuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.