Lau milioi eta erdi euro pasa 2019rako

Ubane Madera 2018ko abe. 20a, 10:56
Udalbatzarra atzo, eguaztena, aurrekontuaren gaineko osokoan.

2019rako 4.635.290 euroko aurrekontua onartu zuen atzo, eguaztena, udalbatzarrak, iazkoa baino %9,37 txikiagoa. Alkateak esplikatu zuenez, hauteskunde urtea izanda, “trantsizioko” aurrekontua landu dute, “premiarik handienei” erantzuteko helburuarekin eta “mailegu” bakoa. EHBilduren ustez, berriz, inbertsioetarako margen txikia ematen duen aurrekontua da. Kontra bozkatu zuten. 

4.635.290 euro. Horixe da Soraluzek 2019rako izango du duen aurrekontua. Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin onartu zuten atzo, ia ordu eta erdi iraun zuen osoko bilkuran.

Iker Aldazabal alkateak esplikatu zuenez, hauteskunde urtea izanda, ”trantsizioko” aurrekontua landu dute, herriko behar eta eskari “premiazkoei” erantzuteko helburuarekin, eta azpimarratu eta berretsi zuen behin eta berriro aurten ez dutela mailegurik eskatuko, ez diotelako “hipotekarik” laga nahi etor litekeen gobernu berriari.

Inbertsio nagusiak

Aurrekontuaren ezaugarriei dagokienez, berriz, iazkoa baino %9,37 txikiagoa da, eta jaitsieraren arrazoia da inbertsioak %63,61 gutxitu dituztela: aurten 347.290 euro daude aurreikusita inbertsioetarako, eta iaz berriz, 954.451 euro baliatu ziren. Iker Aldazabalek matizatu zuen, hori bai, iazkoa izan zela agintaldi osoko kopururik potoloena inbertsioetarako.

Ildo beretik, eta inbertsioei dagokienez, handienetik txikienera hainbat nabarmendu zituen alkateak. Batzuk aipatzearren:

  • 50.000 euro igerilekuko hezetasuna kenduko duen makina berria erosteko; zaharra izorratu egin da.
  • 47.810 euro kiroldegia handitzeko obraren ikuspegi teknikoetarako (obra zuzendaritza…)
  • 12.000 euro kiroldegiaren handitzetik eskuratuko diren lokalen egokitzapenerako.
  • 30.000 euro Musika Eskolako 2. eta 3. solairuetako leihoak zaharberritzeko.
  • 40.000 euro Sologoengo zentralean inbertitzen segitzeko, haren eraginkortasuna handitzeko bidean.
  • 40.000 euro haur parkeendako, lehentasuna Ezozikoa izanda.


Aldazabalek jakinarazi zuen inbertsioetarako 270.429 euro bideratuko dituztela Udalaren beraren baliabide propioak erabilita, eta 76.861 euro, berriz, diru-laguntzen bitartez.

Inbertsioetarako gutxi


EH Bilduk, berriz, oso bestelako irakurketa egin zuen aurrekontuari buruz. Lehenengo eta behin salatu zuen Udal Gobernuak lehentasunak konpartitu ez zituenez, oposizioa kanpoan laga dutela aurrekontua lantzerako orduan, eta gainera, egindako ekarpen guztietan ezezkoa jaso dutela. Bestalde, oposizioaren “begirada orokorraren” arabera, nahiz eta diru-sarrera aldetik zifra errekorretan ibili, “poltsikoan” diru gutxiago du Udalak inbertitzeko. Eta arriskutsu ikusten du hori beste krisiren bat baletor, esaterako.

Horrez aparte, ez dute konpartitzen Udal Gobernuak ezarritako lehentasunei buruzko irakurketa. Bereziki, kiroldegia handitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak emango dituen 250.000 euroak bestelako behar batzuetarako erabiliko lituzketela azpimarratzeaz aparte, salatu zuten, Diputazioak “ahoz agindutako” laguntza horren berririk ez dutela, eta gainera, 2019ko aurrekontuan ia beste 60.000 euroko inbertsioa jasota dagoela obra horretarako.

Errekarguaren dirua

Aldiz, oposiziotik inbertsio gehigarria eskatzen dute udalerriko langabezia egoerari aurre egiteko; eurek 19.000 euroko inbertsioa proposatu zuten, adibidez. Horrez aparte diru partida bat eskatu zuten berriz udaletxeko teilatua konpontzeko, azpimarratuta herritarrei halakoak konpontzeko eskatzen zaien moduan, Udala eredugarri izan beharko litzatekeela zentzu horretan.  

Enegarren aldiz salatu zuten etxe hutsen errekargutik jasotzen duten dirurik ez dela ageri aurrekontuetan etxebizitza politiketarako, beste gauza batzuetarako gastatuko delako. “Tontotzat gaituzue?”, galdegin zuen Unai Larreategik.

Eta, besteak beste, eskatu zuten Errabaleko obrak egin behar direla aprobetxatuta, egin dezatela  Mesedeetako egoitzako igogailura bitarteko obra ere, bideko irisgarritasuna bermatzeko. Horrez aparte, atzera ere mahai gaineratu zuten alkatearen soldataren gaia, eta hain justu, horretxen kontura izan zuten udal ordezkariek eztabaidarik handiena.

Lokal eskaera "etengabea"

Oposizioak esandakoei erantzunez, besteak beste, Iker Aldazabalek kiroldegia handitzeko proiektua defendatu zuen, esanez, agintaldian etengabekoak izan direla udalerriko kirol zein kultura taldeen lokal eskeak, eta udal-langileen aldagela lokal modura erabili arren (Elkartegia) erabat txiki geratu dela hura. Eta horregatik egin dutela ahalegina diru partida lortzeko, handik edo hemendik, obra hori egin ahal izateko. Gogora ekarri zuen kiroldegiko obrari esker 500 metro karratu irabaziko direla lokaletarako. Eta etxe hutsen errekarguaren diruei dagokienez, aitortu zuen horrekin "despistatu" egin zirela.

Ildo beretik, Unai Larreategik gogora ekarri zion oraindik ez dietela erantzun udalerrian dauden lokalen premiei, haiei emango zaien erabilerari eta pendiente geratuko diren eskaerei buruz eurek eskatutako txostena.

Esandako moduan, baina, eztabaidarik handiena alkatearen soldata mahai gaineratu ondoren etorri zen. (Ondoko artikuluan xehetasunak).