Berriro ere badabiltza lapurrak bueltaka

Ubane Madera 2018ko abe. 19a, 10:45

Arriogain elkarteko kanpoko aldea.

Arriogain elkartean lapurreta saiakera izan da. Bertako kutxa gotorra eramaten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Bestalde, joan den astean SAPA inguruan aparkatuta zegoen auto batean lapurretan egin zuten.

Atzo goizean jabetu ziren Arriogain elkartean lapurreta egiten ahalegindu zirela. Elkartera sartu egin ziren, errekako paseotik sartu ere. Hain justu, elkartearen terrazako sarreran dauden barroteetako bat katuaz nasaitu, eta barruko leihoa apurtuta sartu ziren lapurrak.

Kutxa gotorra nahi

Gotzon Odriozola udaltzainburuak emandako xehetasunen arabera, elkarteko kutxa gotorra eramaten ahalegindu ziren. Eta hori lortzeko haren inguruko egurretan-eta kalte handiak eragin ere bai. Kutxa gotorra, baina, hormigoizko paretan dago ondo sartuta, eta ez zuten bertatik ateratzerik lortu. Beraz, kalteak eragin bai, baina ez zuten ezer lapurtu.

Autoan bai

Bestalde, joan den astean bai lortu zuten lapurreta egitea. Kasu horretan, auto batean. Eguazten gauean SAPAren kanpoko aldean aparkatuta zegoen auto batean sartu eta bertako musika ekipoa eta autoaren bateria eraman zituzten.

Bi kasuetan salaketa ipinita dago, eta Ertzaintza jakitun da.