Gabonetako kontzertua egingo dute bihar, Herriko Antzokian

Ubane Madera 2018ko abe. 18a, 19:16
Musika eskolako ikasleak kalez kale, aurtengo Santa Zezili egunean.

Musika Eskolako ikasleek Gabonetako kontzertua egingo dute, bihar eguaztena, 18:30ean hasita Herriko Antzokian. Taldeka banatuta, Gabonetako kantuak interpretatuko dituzte, eta ekitaldia borobiltzeko, guztiek batera abestuko dute Hator Hator kantua. Bestalde, Musika Eskolako abesbatzak Bergaran ere badu hitzordua.

Bihar, eguaztena, Herriko Antzokiko taula umez eta musikaz beteko dute, bihar eskainiko du-eta Soraluzeko Musika Eskolak Gabonetako kontzertua. 18:30ean hasita eta instrumentuen arabera taldeka banatuta, bakoitzak kantu bana interpretatuko dute lehenengo, eta ondoren, guztiek batera abestuko dute 40-50 bat musika ikasle gaztek. Artzai buru txuri bi, Eguberri, Oi Betlehem… moduko kantuak partekatuko dituzte.

Bestalde, Soraluzeko Musika Eskolako abesbatzak beste hitzordu bat ere badu, kasu honetan, Bergaran eta datorren domekan. Izan ere, Gipuzkoako Haur Abesbatzen federazioak antolatuta, Horra Horra izenburua duen kontzertua egingo dute Gipuzkoako lau abesbatzak Bergaran, eta bertan parte hartuko dute Soraluzeko Musika Eskolako abesbatzako kideek ere: 7-9 urte bitarteko 17 umek.

Ukitu modernoarekin

18:00etan hasiko da ikuskizuna. Kontzertuaren zuzendari orokorra izango da Ordiziako Oroit abesbatzako zuzendaria den Katrin Iturralde. Joxean Goikoetxea eta Asier Oleaga moduko Musikari profesionalek lagunduta abestuko dute ume guztiek batera, eta aurkezleak eurak ere aktore profesionalak izango dira.

Nagore Sanzek, Soraluzeko Musika Eskolako zuzendariak emandako xehetasunen arabera, Gabon kanta tradizionalak interpretatuko dituzte baina jazzeko armonizazioekin moldatuta: Horra Horra, Gabonetan, Ala Ken, Hiru Errege Orienteko, Zorionak Guztioi… eta beste.

Sarrerek hiru euro balio dute eta Seminarixoko txarteldegian zein www.ticket.kutxabank.es webgunean eskura daitezke.