Pentsio sistema publikoa bermatzeko eta hobetzeko borrokarekiko konpromisoa

Ubane Madera 2018ko abe. 18a, 10:14
90 bat herritar izan ziren Plaza Berriko elkarretaratzean.

Mobilizazioak ugarituta, pentsioen sistema publiko duinen aldeko aldarrikapenarekiko konpromisoa berretsi du Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak. Atzo Soraluzen, zapatuan Donostian, kalean segitzen dute borrokan.

Atzoko elkarretaratzea 90 bat herritarrek babestu zuten. Eta laburbilduz, pentsio sistema publikoa bermatu eta hobetzeko konpromisoa berretsi zuten, "ezinbesteko tresna baita gizarte kohesioa finkatzeko eta indartzeko, hau da, bizitza duin baten nahitaezko baldintzak ziurtatzeko", esandakoaren arabera.

Diote badagoela, "diru aski" pentsioak ordaintzeko eta mobilizatzen jardun duten hilabete hauetan guztietan "aurreapausoak" egin dituzten arren, "bide luzea" geratzen dela oraindik markatutako helburuak lortzeko.

Bide horretan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen segitzen dute, emakumeen eta gizonen pentsioen arteko etena ezabatzea, eta baita ere, "benetako KPIren arabera" igotzea pentsioak eta haiek "legez bermatzea".

Horrekin batera, joan den zapatuan Donostian zapatuko manifestazioan partekatutako aldarrikapenen berri eman zieten Plaza Berrira bertaratu zirenei.

"Aukera galdua"

Irakurritako testuan diotenez, EAEko aurrekontuak “milaka pertsonen bizi baldintzak hobetzeko aukera galdua” izan dela uste dute, tartean pentsionistenak. Salatu dute Europako Gutun Sozialean sinatutako konpromisoak betetzea besterik ez dutela eskatzen.

Ez dute arrazoirik ikusten aurrekontuen negoziazio prozesuan aurkeztutako proposamenak atzera botatzeko, “Jaurlaritzak badituelako legezko eskumenak, eta ekonomikoki aurtengo ditu bilketa ikustea besterik ez dago: aurreikusitakoa baino 700 milioi euro handiagoa", esan zuten.

Salatu zuten gutxieneko pentsioak osatzea baztertzeaz aparte, haiek duten nortasun indibiduala ez dutela onartu. Eta baita ere, "Urkulluren gobernuak ez duela sentsibilitaterik miseriako pentsioak" dituztenekiko eta ezta ere antzerako egoeran edo okerragoakoan dauden herritarrekiko. "Ez du ezta ere, beraren legea betetzen; haren arabera, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta izan beharko litzateke Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata bezain bestekoa.

Horrkein guztiarekin batera, bestelako salaketa batzuk ere egin zituzten. Laburbilduz:

- Estatuan dauden 2,3 milioi alarguntasun pentsioen artetik bakarrik 400.000k eskuratuko ditu 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dituzten igoerak.

- Lehendakariak badu gaitasuna gutxieneko pentsioak osatzeko, aurrekontua baliatuta.

- Sanchezen gobernuak 26.000 eurotan handituko du gastu militarra.

- Espainiako Estatuak 32.935 milio euro gastatu zituen 2017an zorraren interesak ordaintzen. Eta gero esaten dute dirurik ez dagoela pentsioendako.

- Eskatzen dute EAEn gutxieneko pentsioak bermatuko duen lege propioa.