Martxa onean dabiltza sarea ipintzen

Ubane Madera 2018ko abe. 13a, 14:53

Igerilekuan goizean ipini duten sarea. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Atzo ezkero dabiltza Goki Erreformak enpresako langileak Arane kiroldegiko sabaipean sarea ipintzen. Lehenengo sarea ipintzen goizen hasi dira eta dagoeneko ipinita dago. Arratsaldean, berriz, bigarren sarea ipintzen dabiltza. Horren ondoren, besteak beste, sareak ondo eusteko eta tinko mantentzeko tentsoreak jarriko dituzte.

Martxa onean doaz kiroldegiko sabaipeko sarea ipintzeko lanak. Atzo hasita, gaur goizean dagoeneko bukatu dute lehen sarea ipintzeko lanak, eta bigarrena ipintzen dabiltza.

Sarearen helburua da sabaitik jausi litezkeen hormigoizko estaldura-zatiak bertan harrapatzea. Eta hori ziurtatzeko, beharrezko sare geruza guztiak jarri ondoren, haiek tinko eusteko tentsoreak ipiniko dituzte.

Txostena lantzen

Modu horretan, igerilarien segurtasuna bermatuta izango da, eta igerilekua ahalik eta lasterren zabalduko dute. Hori bai, behin-behinerako konponbidea da egiten dabiltzan hori.

Izan ere, igerilekuaren egituraren egoerari buruzko txostena eskatu du Soraluzeko Udalak, eta hantxe zehaztuko dute arazoa behin betiko konpontzeko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren.