Txundituta argiekin

Ubane Madera 2018ko abe. 13a, 10:26

Plaza Berri eta Zubi Nagusi inguruak gutxitan moduan beteta zirela, herritarrek lagunduta atzera kontaketa eginez piztu zituzten atzo Gabonetako argiak Bizikale Merkatari Elkartekoek. Ooooooohhhhhhh kolektibo bat eginez adierazi zuten herritarrek argiekiko txundidura. Banatu zuten txokolate beroak ere demaseko arrakasta izan zuen.

18:00etarako ya Plaza Berri herritarrez beteta zegoen atzo, argien pizte ekitaldirako gogotsu.

Eman bizia, erosi herrian!

Ainhoa Ibartzabalek, Bizikale Merkatari Elkarteko ordezkariak Gabonen hasiera iragarri eta herritarren konpromisoa eskertu zuen ekitaldiari hasiera emateko: “Oso pozik gaude gaurko eguna zuekin ospatu ahal dugulako. Denon lana eta ardura da horrenbeste maite dugun gure herria bizirik mantentzea; horregatik Gabonei hasiera emateko eta gure dendekiko konpromisoa eskertzeko, Bizikalek herrian argiak jarri ditu, giro polita egon dadin. Txokolate bero-berora ere gonbidatzen zaituzte. Eman bizia erosi herrian!”.

Txupinazoa bailitzan

Ondoren hasi ziren bertaratutakoen artean txokolatea eta bizkotxoak banatzen, 40 litro inguru. Eta hura bukatutakoan, Zubi Nagusirantz joan ziren. Jaietako txupinazoko antzerako irudia erakutsi zuen atzokoan Zubi Nagusiak.

Atzera kontaketa

Eta horrela, bertaratutako jendeak lagunduta, 10-9-8-7… atzera kontaketa egin ondoren piztu zituzten argiak. Ooooohhhhhhhhh eginez eta txaloka adierazi zuten herritarrek argiekiko txundidura.

Zubi Nagusikoak piztu ondoren, Santa Ana kalekoak, Kalebarrenengoak eta Etxaburuetakoak pizten joan ziren. Gabonetako argiekin argazkiak ateratzen ibili zirenak ere izan ziren atzokoan. Izan ere, askoren ahotan entzun zen moduan: “Sekula ez dugu izan Soraluzen horrelako argirik!”.