Bakardadea hizpide, Itxaropena elkartean

Ubane Madera 2018ko abe. 12a, 15:00

Pertsona bat bakarrik, jarlekuan eserita.

Datorren eguenean, abenduaren 20an, bakardadeari buruzko hitzaldia izango da Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Aita Menni Taldeko eguneko zentroetako Jose Ezquerra Iribarren psikologoak egingo du berba. 18:30ean hasiko da.

Soraluzeko Esperientzia Gelaren eskutik, bakardadeari buruz berba egingo dute datorren asteko eguenean Itxaropena Erretiratuen Elkarteko areto nagusian, Conociendo a Soledad Ezagutzen izenburua duen hitzaldia baliatuta.

Arazo soziala

Aukeratu bako bakardadea geroago eta gehiago dago ikusita gaitz sozial modura, arazo sozial modura. Izan ere, bakardadea, norberak aukeratu bakoa denean, eta salbuespenak salbuespen, esperientzia desatsegina da eta larritasuna sentiaraz dezake. Gainera, geroago eta handiagoa da bakarrik bizi den jende kopurua, emakumeak, bereziki.

Psikologoa lagun

Bada, horren guztiaren gainean berba egingo du Aita Menniko Psikologia Saileko departamentu buru Jose Antonio Ezquerra Iribarrenek datorren abenduaren 20an, 18:30ean hasita. Alkarri Elkarteak gonbidatu du eta berorren hitzaldia izango da Esperientzia Gelaren urteko azkeneko ekintza.