Argazki benetan deigarriekin osatu dute Soraluze atzo eta gaur erakusketa. 27 argazkitan ikus daiteke, adibidez, Txurruken apenas etxe barik, Ezozibidea ere antzera, Euskalduna fabrika orain kiroldegia dagoen lekuan, Plaza Zaharreko hiltegia, Etxaburuetaren eraldaketa ikusgarria, Erregetxea eraikina zutik, Mesedeetako mojen eraikina Atxurin… Eta haien gainean leku berberak daude argazkitan jasota, gaur egun zelakoak diren erakusten.
Desberdintasunak seinalatzen
“Ahalegindu gara ikuspuntu berberetik ateratzen gaur egungo argazkiak, jendeak eraldaketa hori berehala ikus dezan”, esplikatu zuen Alberto Arizagak, gaur egungo argazkien egileetako batek. Eta lortu zuten helburua. Ezen atzo erakusketaren inaugurazioan izan ziren herritar guztiek seinalatzen zituzten oraingo eta lehengo desberdintasunak argazkiak begiratuta.
Lehena eta oraina
Iker Aldazabal alkatea ere izan zen inaugurazio ekitaldian eta zoriondu egin zituzten erakusketaren antolatzaileak, egindako lanarengatik: “Benetan lan txukuna eta bikaina egin du Kontrargi Argazki Kolektiboak. Nahi zan dena da memoria historikoa edo lehengo argazki zahar horiek errekuperatzea, ezagutzeko Soraluze lehengoa zelakoa zen eta gaur egun zelakoa den. Toki batzuek, lehengo argazkietan ezagutu ere ez nituen egiten nik neuk pertsonalki, eta eskerrak gaurko argazkiek lekuak kokatzeko aukera ematen digutela”, azpimarratu zuen.
Kalean panelak
Ildo beretik, eskerrak eman zizkien, bereziki, Kontrargiko Alberto Arizagari eta Mikel Valerori euren lanarengatik. “Eta ez bakarrik gaurko erakusketarengatik. Kaleko gune desberdinetan ere zuri-beltzeko panel batzuetan bagabiltza ipintzen lehengo Soraluze zelakoa zen, eta erakusketa honekin borobilduko genukeen lehengo Soraluze zelakoa zen eta oraingoa zelakoa den erakusteko helburua”, esplikatu zuen alkateak.
Abenduaren 29ra arte
Soraluze atzo eta gaur erakusketa udalerriari herri gutuna eman ziotenaren 675. urteurrenaren baitan dago kokatuta. Atzo zabaldu eta abenduaren 29ra arte izango da berau ikusteko aukera, honako ordutegian: astegunetan, 19:00etatik 20:30era eta zapatuetan, 12:00etatik 13:30era.