'Berriro kalera, pentsio duinak aldarrikatzera'

Ubane Madera 2018ko abe. 10a, 14:48
Pentsio duinen alde gaur egindako elkarretaratzea.

"Abenduaren 15ean gizartearen arlo guztietako lagunek kalera irten behar dugu". Berba horiekin deitu dituzte zapatuan Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten pentsio duinen aldeko manifestazioak. Soraluzetarrek Donostiakora joateko gonbita dute; autobusa 15:10ak aldera pasatuko da Errabaleko geltokitik. Gaurko elkarretaratzea, berriz, 80 lagun pasak babestu du.

Plaza Berrian gaur egindako elkarretaratzean jakinarazi dutenez, honako eskaerak plazaratu edo ekarriko dituzte gogora zapatuan Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan, besteak beste:

  • Pentsio guztien balioa handitzea modu automatikoan eta betiko.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • 2011 eta 2013 artean ezarritako Erreformak eta Sostengarritasun Faktorea ezabatzea.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak Donostian egingo duten manifestaziora joateko gonbita dauka. 16:30ean abiatuko da mobilizazioa Alderdi Ederretik, eta bertaratzeko autobusa Soraluzetik pasatuko da 15:10ak inguruan (Errabaleko geltokian).

Salaketa gehiago

Bestalde, gaurko elkarretaratzean jakinarazi dute Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak (LGEE) "gomendio" zorrotzak egin dizkietela hainbat herrialderi, tartean espainiarrari, pentsioen kostua gutxitu dezaten.

Alargunak kaltetuen

Salatu dute, besteak beste, "gomendio" horiek pentsio baxuenak zigortzen dituztela, alargunenak, bereziki. Eta horren ondorioz, emakumeak direla kaltetuenak. Eta adibide batzuk helarazi dituzte:

  • Alarguntza iraunkorreko pentsioak soilik jubilatuentzat izango dira. Beraz, erretiro adina atzeratzen dabiltzatenez, 67 urtetik gorakoentzat.
  • Adin horren azpiko alargun-pentsioak aldi baterakoak izatea proposatu dute, eta "pertsona horien bizitza-egoera arintzera" bideratuak.
  • Alargundu ondoren beste pertsona batekin bizitza berregiten dutenen alarguntza-pentsioa gutxitzea proposatzen dute.
  • Dibortziatutako pertsonentzat alarguntza-pentsioa ezabatzea edo jaistea proposatzen dute.
  • Neurri guzti horiez gainera, etorkizuneko pentsio guztiei Sostengarritasun Faktorea ezartzea proposatzen dute.