Lapurreta bi gertatu dira azken egunotan

Ubane Madera 2018ko abe. 10a, 11:36
Alejandro Calonge kalea.

Bi lapurreta egin dituzte azken egunotan Soraluzen. Batetik, Alejandro Calonje kaleko etxebizitza batean sartu, eta besteak beste, barruan zegoen dirua lapurtu zuten. Eta bestetik, gizonezko bati “besarkada solidarioaren” bitartez urrezko lepokoa lapurtu zioten.

Joan den eguaztenean bi lapurreta izan ziren Soraluzen. Eta biak ala biak egunez gertatu ziren.

Lepokoa moztu

Batetik, taberna batean zegoen 60 urtetik gorako gizonezko bati “besarkada solidarioa” eman zion emakume gazte batek. Udaltzaingotik jakinarazitakoaren arabera, harreman sexualak eskainiz besarkatu zuen emakumeak gizonezkoa, eta gizonezkoa momentuan jabetu ez zen arren, urrezko lepokoa moztu eta lapurtu egin zion. Gainera, kanpoan autoa zain zeukan emakumeak, ihes egiteko. Hain zuzen, autoaren modeloa zein den jakinda, hori ikertzen dabiltza.

Dirua lapurtu

Bestetik, eguaztenean ere, baina 18:00-22:30ak bitartean, Alejandro Calonge kaleko etxebizitza batean sartu ziren lapurrak, bertako jabea kanpoan zela. Frontoi aldera ematen duen leiho bat indarrez zabalduta sartu ziren lapurrak. Etxean zegoen dirua eraman zuten, besteak beste. Ertzaintzari deitu zioten eta polizia etxebizitzan izan zen, ingurua ikuskatzen. Salaketa ere ipiniko du familiak.

Lapurretak ugaritu

Egun berean bi lapurreta izan direla ikusita, Gotzon Odriozola udaltzainburuak kontu bereziarekin ibiltzeko gomendatu du egunotan. Hark esplikatu duenez, Gabonetan, Aste Santu inguruan eta udako opor inguruan, batez ere, lapurretak ugaritu egiten dira: “Etxeko atea beti giltzarekin itxita izan behar da, giltzari bi buelta emanda. Bestalde, hobe ez bazaio beheko ataria inori zabaltzen. Eta norbaitek kezka eragiten dioten ezezagunak ikusten baditu inguruan, abisa diezagutela guri, eta berehala joango gara begiratzera. 20 aldiz joan behar badugu, joango gara”, azpimarratu du.

Hark gaineratu du, normalean, halako gertakariak ugaritzen direnean, kanpotik etorritakoak izaten direla egileak. Herriz herri ibiltzen direla jakinarazi du. Gauzak eta inguruak ikuskatzen eta ondoren lapurretak egiten.