Seung Woo Han: "Enpresa hau denbora luzez sostengatuko dugu"

Oier Larreategi eta Ubane Madera 2018ko abe. 9a, 11:21
Seung Woo Han, enpresaren irudiaren aurrean. Argazkia: Fernan Oregi.

Urrian hiru urte bete dira Global Seoul Metal Tech (GSMT) korear jatorriko taldeak Soraluzeko Industrias GOL bereganatu zuela. Modu horretan, euren produkzioa (estanpazioa) dibertsifikatu eta europar merkatuan sartu ziren. Euren esperientziaz, lantegiaren orainaz eta geroaz berbetan izan gara Seung Woo Han-ekin, GOLeko zuzendariarekin.

Zela moldatu zara hiru urteotan?

Kultura eta tradizio oso desberdinekoak gara eta denbora behar da egokitzeko. Lankideekin berba asko egiten nuen etorri berritan, elkar ondo komunikatzeko eta ulertzeko. Bertako kultura eta tradizioa ezagutzea lortu nahiko nuke.

Zerk harritu zaitu gehien?

Bazkalorduek. Korean, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) edo beste hainbat herrialdetan 12:00ak aldera bazkaltzen dute. Hemen 13:30ak aldera,14:30ean ere bai batzuk. Eta hemen gehienendako 19:30ean edo 20:00etan afaltzea goizegi da. Korean 19:00etarako afaltzen amaitu egiten dugu. Bestela, lanean hasteko ordua antzerakoa da hemen eta Korean, baina han goizago bazkaltzen dugu. Pintxoengatik izan daitekeelakoan nago; izan ere, hemen ohikoa da gosariaren eta bazkalorduaren artean zerbait jatea. Baita bazkalorduaren eta afalorduaren artean ere. Harritu nauen beste gauza bat da bazkalostean, siesta orduan, dendak itxi egiten dituztela.

Zertara egokitu zara ondoen?

3-4 urtez AEBtan lanean egondakoa naiz, oso antzerakoa da mendebaldeko kultura. Harremanak oso adeitsuak dira eta jendearen portaera ere bai. Horrek bertara egokitzea erraztu dit.

Zein da GOLen egoera?

2015eko uztailean geureganatu genuen GOL. GSMT oso talde arrakastatsua da Asian, Korean, Txinan eta Asia Hego Ekialdean. Batez ere torlojuak (electronic screws) produzitzen ditugu eta automozioa ere lantzen dugu, baina gutxiago. Helburua merkatu garatuan sartzea zen, Europan. Momentu hartan gure taldeak arreta globalizazioan jarrita zuen eta presentzia lokala izan nahi genuen. Hori dela-eta bi lantegi ditugu, Soraluzen eta Berrizen. Errumanian ere badugu beste lantegi bat, eta Hungarian salmenta bulego bat ere bai. 2015etik hazkunde etengabea izan dugu. Hasierako langile gehienek bertan jarraitzen dute eta gehiago ere hartu ditugu. GOLek 142 langile ditu Soraluzen eta Berrizen. Bestalde, 2013an kaudimen-egoera kritikoan zegoen GOL, baina oso azkar eman genion buelta,  eta egoera egonkortu genuen. 2017an 25,4 milioi eurokoa izan zen fakturazioa, 2015ean, berriz, 23,6 milioi eurokoa.

GOLek etorkizuna bermatuta du?

Inork ez daki ezer etorkizunaz (barre). Baina badut amets bat. Enpresa hau denbora luzez sostengatuko dugu. Handitu nahi dugu, badugu eskarmentua Korean, Txinan… Oinarri sendoa eraikitzen ari gara. 2020 aurretik enpresa sendoa lortu nahi dut hainbat arlotan: finantzetan, teknikna, produkzioan, arlo komertzialean… Ondoren, Espainiako burtsan kotizatuko duen enpresa izatea litzateke asmoa. Langile berriak hartzearen inguruan, azken urteetan ez da oso erraza izan. Baina etorkizunean beharko ditugu. Ingurukoak eta herrikoak, batez ere, herriarekin dugun harremana sendotzeko eta indartzeko. Orain ere lanean diharduten asko herrikoak dira eta Soraluze oso ondo kokatuta dago. Cluster industrial sendoa dago inguruan, automoziorako aproposa.

Besterik gaineratu nahi duzu…

Beti nago GOLi buruz pentsatzen. Hilero, astero, egunero… nola egin nezake handiagoa, konpetentzia baino hobea… Gogor saiatzen naiz eta asko laguntzen didate lankideek. Talde ederra dugu, pertsona onak, bihotz onekoak eta enpresarentzat lan egiteko gogotsu daude. GOLek arrakasta izatea nahi dut, baina ez ekonomikoki bakarrik. Langileak, bezeroak, hornitzaileak, herritarrak… denak dira GOLen parte eta enpresak arrakasta izateko denok egon behar dugu ondo, harmonia onean. Hori da ardura nagusia eta hori lortzeko bidean GSMTren laguntza izango dugu.