Plaza Barriko iturriaren historia Javier Elorzak kontatuta

Egoitz Unamuno 2018ko abe. 7a, 17:44

Plaza Barriko iturriaren nondik norakoen berri eman zuen Javier Elorzak azaroaren 28an, Soraluzek hiribildu gutuna jaso zueneko 675. urteurrenaren harira antolatutako hitzaldian.  

“Miraria da orain dela 188 urte ezarritako sistemak oraindik ere funtzionatzea”, adierazi zuen Elorzak miresmenez. Aurrez, xehetasun handiz azaldu zituen garai hartan ura sortzen den lekutik –Ipinarrietatik-, Plaza Barrira (Zubira eta Gabolatsera ere bai) ura ekartzeko erabili zuten sistemaren ezaugarriak eta halako iturria eraikitzeko izan ziren zergatiak.

Iturriaren beharra

XIX. mendearen hasiera aldera, herrian bi iturri nagusi zeuden: Errekaldekoa eta Aranekoa. Itxuraz, ez ziren behar bezain emankorrak eta, gainera, alde zaharrean ez zegoen iturririk. Gabezia horiei aurre egin nahian, Udalak 1830ean erabaki zuen Plaza Barriko iturria egitea, alde banatara animaliendako edaleku handiak eraikita. Izan ere, garai hartan, Erregetxe berria eraiki berri, animalien joan etorria handia zen.

Indiano aberatsaren ekimena

Garai hartan, Anbrosio Aldasoro eta Lasalde zen herriko alkate; gaztetan Monterreyra (Mexiko) joandako herritarra, han alkatearen alabarekin ezkondu eta dirutza handia eginda bueltatu zena. Agiriek diotenez, beronen ekimenez abiatu zen iturria egiteko proiektua eta dirua aurreratu ere egin zuen lanak burutzeko. Obra diseinatu eta zuzentzeko lanak, berriz, Bergarako Mariano Jose Laskurain arkitektoari enkargatu zizkioten.

Zeramikazko hodiak eta harlanduzko akueduktua

Azpiegitura hidraulikoaren konplexutasuna eta kalitatea goraipatu zituen Elorzak. Batetik, lurrazpiko hoditeria guztia zeramikazko hodiekin egina dagoelako, eta, bestetik, harlanduzko akueduktuaren eta ur-biltegien perfekzio-maila “miresgarria” delako.  “Gaur egun, halako lan bat egiteak egiteak sekulako dirutza suposatuko luke”, ohartarazi zuen.

Ezagutu eta zahaberritu

Ikerketa historiko eta teknikoaren emaitzak eskuorri batean jaso dituzte, ubidearen ibilbide osoaren berri ematen duen mapa eta guzti. Gainera hondarea ezagutarazteko bidean, ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua ere antolatuko dute datorren urte hasieran. Bestalde, Udalak poliki-poliki azpiegitura garrantzitsuenak eraberritzeko lanak abiatuko dituela ere jakinarazi zuen alkateak.

Informazio gehiago: Sorapedia.eus-en.