Soraluze XV. mendean (mapa)

Zelakoa zen Soraluze Erdi aroan?

Ubane Madera 2018ko abe. 7a, 17:17

Urriaren 24an, Javier Elorza historialariak XV. mendeko Soraluze/Placencia zelako zen azaldu zuen hitzaldiaren bideoan. Garaiko planoa, garaiko eraikinak eta toponimia jasotzen dituena, eta eskuragai dago udaletxean.  

Txikia izan arren, historia luzea du Soraluze-Placencia udalerriak. Adibide modura, urriaren 15ean 675 urte beteko dira Gaztelako Alfontso XI.ak Soraluzeri hirigutuna eman zionetik. Antzinako kronistek diotenez, pribilegio horrengatik erregeak hiria fundatzea eta harresitzea eskatu zien Deba ibaiaren alde banatako Erlaegia eta Soraluzeko biztanleei. Logroñoko foruaren prerrogatibak eta zegozkien barrutiak eman zizkien, eta horiekin batera Placencia izena (latinezko ut placeat hitzetik = para que plazca, dator).

Bitxikeria moduan, Gipuzkoa sortzeko 1397. urtean egin zen batzarrean, Placencia de Soraluze izenarekin bertaratu zen hemengo ordezkaritza. Herriaren gaztelaniazko abizen De las Armas, berriz, gero ezarri zitzaion, XVIII. mendean, udalerriak sorrera ofizialetik (1343) armagintza izan zuelako jarduera nagusi. Hasieran, arma zuriak egiten zituzten, su-armak gero. Soraluzeri hiri-gutuna emateko eskaera ere gerra testuinguruan egin zen, bizilagun batzuen eskariz. Beltran Velez de Gebara merino nagusiaren

gidaritzapean, Algecirasen musulmanen aurka borrokatzen ari ziren soraluzetarrek eskatu zuten. Kontuak kontu, hiri-gutuna eskuratu zeneko 675. urteurrena aitzakia, dokumentu historikoa idatzi du Javier Elorza historialari soraluzetarrak: XV. mendeko Soraluze zelakoa zen erakusten duen mapa toponimikoa eta geografikoa. Hari esker ikus daiteke Soraluzen zutik dirautela udalerriaren historia luzea bere baitan gorde duten hainbat eraikin. Horietako bat da Kooperatiba, Loiola etxea. Haren ondoan, berriz, Igartza etxea zegoen (gaur egungo Gaztetxea ondoren egindakoa da). Eta Igartza etxearen ondoan zegoen hiribildua babesten eta inguratzen zuen harresiaren ateetako bat: Zubiko ataria. Atari hori zen Erlaegia eta Soraluze, lotzen zituen zubirako pasabidea, oraingo Zubi Nagusirako pasabidea, alegia. Elortzak egindako mapan Atxuri auzoari izena ematen dion Atxuri etxea ere ikus daiteke. Harri-haitz zuri da haren esanahia, etxea harri zuriz eginda zegoelako. Etxe hark ere zutik dirau: kale horretako 5. zenbakian dagoea da, arku borobila daukan Atxuri kaleko lehenengo etxe zaharra. Gainera, XV. mendeko Uribarri etxea ere oraindik bertan dago, Errabal kaleko 10. zenbakian, herrian Erregetxe-zaharra izenarekin ezaguna dena.

Herriko plaza aldapatsua Hiribilduaren harresiari dagokionez, elizatik abiatzen zen. Beraz, eliza eta haren inguruak ziren XV. mendeko herriaren erdigune. Lehendabiziko Herriko Plaza Galipoteko hasieratik eliz-atarirainoko tartean kokatuta zegoen, eta plaza aldapatsua zen. Herriko Plaza eta harresiaren mugak ia-ia gaur egungo Plaza Zaharreraino ailegatzen ziren. Azkena, Botikako etxea zen. Hantxe zegoen harresiaren beste atea: Kalebarreneko ataria. Edozelan ere, hura zeharkatuta baziren eraikinak harresitik kanpo, eta horietako bat oraindik ere zutik dago: Arregitorrea (Arregia de Yuso edo Arregia jauregia, Banco Sabadell-Banco Guipuzcoanoren eraikina).

Hori bai, inguru haietara ailegatzeko beste errekasto bat zeharkatu beharra zegoen, gaur egun Erregetxe azpitik etorri eta Txoko ondotik ibairatzen dena.

Bi kale XV. mendeko Soraluze-Placenciak bi kale nagusi zituen: Kalebarren kalea, Igartza etxetik Kalebarreneko atariraino ailegatzen zena. Eta Kalegoen, oraingo Santa Ana kalea. Bestalde, hiribildutik kanpo zegoen arren, XV. mendean bazen Baltegieta izeneko kalea, Arana auzoraino zihoana, bertan dagoen Araneko iturritik pasatzen zena. Eta iparretik hegoalderantz zetorren Etxaburueta kalea ere. Beste pare bat datu nabarmentze aldera, Elortzak egindako mapak erakusten du zela ordurako Deba ibaiak Soraluzen bazuen presa bat: Igaretako presa, gaur egun kiroldegi aurrean dagoena, hain zuzen. Eta zela ordurako baziren, gutxienez, herrian hiru sutegi, arma-tailerretarako ezinbesteko zirenak.