Garbitzaileen protestak Soraluze ere zeharkatu du

Ubane Madera 2018ko abe. 5a, 11:29
Garbitzaileak Txurrukenerantz, Bergararako bidea hartzeko.

Epaitegietako eta komisarietako Gipuzkoako garbitzaileek Soraluzera ere ekarri dute orain dela 78 egun abiarazi zuten protesta. Eibartik irten eta Bergararaino oinez eta euren aldarrikapenak bozgorailuek lagunduta aireratzen gauzatu dute gaurko mobilizazioa. Laburbilduz, kaleko garbitzaileekiko duten soldata arrakala gainditzea nahi dutelako daude greba mugagabean.

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuen babespean, irailaren 19tik protestan dihardute epaitegietako, adingabeen zentroetako eta ertzain-etxeetako Gipuzkoako garbitzaileak. Eta gaur goizean, eguaztena, Eibartik Bergararako bidean Soraluze zeharkatu dute, euren aldarrikapenak oinezko martxa baliatuta aireratuz.



Izan ere, ia 78 egun daramatzate protestan, eta egoerak bere horretan segitzen duenez, mobilizazioak “indartu” egingo dituztela jakinarazi du ELAko ordezkariak Soraluzetik pasadizoan.

Arrakala nabarmena

Horren adibide, oinezko martxak egiten hasi dira asteon. Lehen etapa Oiartzundik Donostiara egin zuten, eta gaurkoa izan da bigarren etapa: Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegiraino joan dira, errepidetik oinez.

Duten aldarrikapen nagusia da gainditu egin nahi dutela epaitegietako eta komisarietako garbitzaileek kale garbitzaileekiko duten soldata arrakala. %7koa da epaitegietan eta adingabeen zentroen kasuan eta %13koa, berriz, komisarien kasuan. Eta eskatzen dute ere, hitzarmena berritu ez den urte hauetan guztietan jaso ez dutena berreskuratzea.

Emakumeak

“Prekarietate egoera” salatzearekin batera, ELA sindikatutik salatu dute ere emakumeak direla egoera hori bizi dutenak bereziki, langileen %95 emakumeak direlako. Eta Garbialdi enpresak egindako proposamena “guztiz onartezina” iruditzen zaie: “2018rako bi hitzarmenetan izozte proposamena jartzen zuen mahai gainean, eta 2019rako aurreko urteko KPIa”.

Arduradunen jarrera

LAB sindikatutik, berriz, besteak beste salatu dute “Garbialdi eta epaitegi eta komisaldegietako arduradunen jarrera: gatazkaren konponbidea bilatu beharrean, kolektiboaren greba eskubidea sistematikoki urratzen ari dira, aldizka instalazioak garbituz. Jadanik hiru salaketa jarri ditugu lan-ikuskaritzan langile grebalariak legez-kontra ordezteagatik. Erabat onartezina”.