Gabonetako apaingarriak ipintzen dabiltza

Ubane Madera 2018ko abe. 4a, 12:10
Udal langileak Gabonetako zuhaitza ipintzen, gaur goizean.

Plaza Berria hasi da dagoeneko Gabon kutsua hartzen. Atzo ezkero, Udal langileek Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola muntatzen jardun dute, eta goizean ekarri dute menditik aurtengo Gabonetako izeia. Bestalde, abenduaren 24ra arte eman daiteke izena Gabonetako apaingarrien lehiaketarako.

Udal langileek egunotan bukatuko dute Plaza Berriko apaingarriak ipintzen. Olentzeroren eta Mari Domingiren etxola muntatu dute. Gertu lagako dute guztia Gabonetako pertsonaiarik maitatuenak bertara daitezen. Eta etxolaren bueltakoak ere joango dira atontzen ordurako.

Bestalde, goizean jaitsi dute menditik aurtengo Gabonetako zuhaitza, hiru bat metroko izeia. Dagoeneko zutik dago plazan, eta ondorengo egunotan argiz jantziko dute.

Eta horrez guztiaz aparte, abenduaren 24ra arte eman daiteke izena Soraluzeko Udalak antolatutako Gabonetako apaingarrien lehiaketan. Hiru modutan egin daiteke: udaletxera bertaratuta; 943 75 30 43 zenbakira deituta edo www.soraluze.eus web orrialdean.

Sari banaketa urtarrilaren 4an egingo dute, 12:30ean, Plaza Berrian. Xehetasun gehiago hemen klikatuta.