Abenduaren 15ean manifestaziorako deia egin dute

Ubane Madera 2018ko abe. 4a, 11:05

Kontzejupean egin zuten atzoko elkarretaratzea, Plaza Berrian Gabonetako etxola muntatzen zebiltzalako. Argazkia: Txaro Lete.

Hamar hilabetez dihardute pentsio duinen aldeko mobilizazioak egiten udalerriz udalerri; tartean baita Soraluzen ere, eta horregatik “zorionak” helarazi zizkieten atzo elkarretaratzean parte hartu zuten herritarrei. Mobilizazioekin segituz, abenduaren 15ean zapatua, manifestazioa deitu dute Donostian. Soraluzetik bertaratzeko, Bergaratik abiatuko den autobusean joateko aukera izango dute.

Kaleko mobilizazioekin segitzeaz batera, Pentsioen Sistema Publikoaren gaineko elkarrizketak dabiltza eskatzen asteotan pentsiodunen mugimenduak. Lehendakariari eta Nafarroako presidenteari egin dizkiete batzartzeko eskaerak. Eta asmoa dute ere Espainiako Gobernuaren eta Parlamentuko Taldeen arduradun nagusiekin gauza bera egiteko.

1.080 eurokoa

Izan ere, atzoko elkarretaratzean aditzera eman zuten moduan, “pentsioen arazoa ez da azaleko laguntzaren bitartez konponduko”. Hori horrela, eskatuko dute, “aurrekontuen onarpenerako parlamentu-eztabaidaren aurretik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioei aurrekontu-linea bat presta dezaten”, gogora ekarrita, “1.080 eurotako gutxieneko pentsioa Europako Gutun Sozialaren babesa” jasotzen duela dela.

"Aberastasunaren banaketa"

“Premiazkoa” ikusten dute, bide horretan, “eztabaida sakona egitea gaur egungo aberastasun banaketaren inguruan”, eta sinistuta daude, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea “gobernuen borondate politiko eta ekintzen lehentasun kontua” dela.

Donostian manifestazioa

Halakoak aldarri, datorren asteko zapaturako, abenduaren 15erako, manifestazioa deitu dute Donostian. “Gizarte eragile guztiekin batera kalera irtengo gara lau hiriburuetan. Borroka hau irabaztera goaz”, azpimarratu dute. 16:30ean hasiko da manifestazioa.

Manifestaziora joateko autobusak antolatuko dituzte hainbat udalerritatik. Besteak beste, autobusa izango da Bergaratik eta soraluzetarrek aukera izango dute autobus horretan joateko. 8 euro da prezioa. Interesa duenak Txaro Leteri eman behar dio izena.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.