Indarkeria jasan duten emakumeen lekukotasun asko

Ubane Madera 2018ko abe. 3a, 18:14
#MeToo proiekturako lekukotasunak batzeko kutxa, udaletxe sarreran.

Ia 30 testigantza batu dituzte dagoeneko #MeToo proiektuaren baitan, azaroaren 25ean ekimena abiarazi zutenetik. Korner Morea elkarte transfeministak balorazio positiboa egin du orain artekoaz: “Errealitatea da emakumeek indarkeria jasaten dutela eta orain pozik gaude hori ikustarazi nahi dutelako”. Urtarrilaren 30era segituko dute testigantzak batzen.

#MeToo proiektua abiarazi zutenetik astebete eskas pasatu den honetan, indarkeria portaerak edo gertaerak adierazten dituzten ia 30 lekukotasun batu ditu Koner Morea elkarte transfeministak. Bi motako testigantzak iritsi zaizkie.

Lekukotasun gogorra

1- Gutxi batzuei pasatzen zaizkionak eta oso gogorrak direnak. “Batzuk dira benetan gogorrak”, azpimarratu du elkarteko Olatz Sebalek.

2- Edozein emakumek jasan duten indarkeria mota, adibidez parranda egoeretan jasandakoak. “Halakoak akaso askorendako ez dira indarkeria, eta ez dituzte kontatzen. Zentzu horretan emakume horiek ere nahi ditugu parte hartzera animatu. Bestalde, lekukotasun horiek ere gogorrak dira indarkeria direlako, baina zoritxarrez denok jasan ditugu”, gaineratu du Sebalek.

Askok jasan

Kopuru deigarria da horren denbora gutxian jaso dutena. Eta alde horretatik, pozik hartu dute erantzuna elkarte transfeministakoek. “Guretzat da egin dugun lanik intimoena. Sorpresa zen guztia. Ez genekien jendeak zela hartuko zuen. Eta ikusi genuenean idazten hasi direla, pozik ikusi dugu erantzuna”.

Horrekin batera, aditzera eman du jarrera horrek ere erakusten duela beste zerbait: “Horrek esan nahi du jendeak pairatu duena ikustarazi egin nahi duela. Errealitatea da emakumeek indarkeria jasaten dutela, eta orain pozik gaude jendeak hori ikustarazi nahi duelako, eta ez duelako berriro ere gordetzerik nahi. Kaleratzea nahi dute, eta salatu ez dela etxeko kontu bat”.

Urtarrilaren 30era arte

Korner Morea elkarteak lekukotasunak batuko ditu urtarrilaren 30era arte. Bi bide daude horretarako: udaletxean ipinita dagoen kutxara esku-orriak sartu; edo facebook eta twitter bitartez partekatu duten inkestak bete. Behin guztiak jasota, martxora bitartean lanketa egin eta Martxoaren 8an aurkeztuko dute emaitza.