Nerea Mendia:“Publikotik entzuten ditudan barre algarak, negarrak… Hori baino konpentsazio hoberik ez dut ezagutzen”

Egoitz Unamuno 2018ko abe. 2a, 08:00

Orain dela hamar urte, Nerea Mendia Elgeta (Soraluze, 1985) Bartzelonara joan zen Arte ederrak ikastera. Geroztik, antzerkia eta musika ditu ogibide Kataluniako hiriburuan. Ezin konta ahala proiektutan dihardu, bere “arimari ahotsa ematen". 

2008ko udan heldu zen Nerea Bartzelonara, hogeita hiru urte zituela. Bizimoduz aldatu nahi zuen eta  La Bobina izeneko eskolan matrikulatu zen Arte ederrak ikastera; antzerkia, zinea eta telebista espezialitatean. Lizentziatu ostean, aktoretza masterra atera zuen, zine-zuzendari ospetsuen eskolak jasota, “tartean Moncho Armendarizenak-eta”.  

Denetariko antzerki-lanak

Ikasgelak laga orduko zapaldu zuen eszenarioa, edo eszenarioak, zehatzago esateko: “Musikal baterako deitu zidaten, eta umeen antzezlan batean parte hartzeko ere bai: Supergeniales en Realilandia. Gero, Disneyren dendan ere lan egin nuen aldi batez, eta jardun nuen antzerki interaktiboa egiten ere Viática konpainian: “Jatetxe bateko jantokian lan egiten genuen antzezlana: Una cena de muerte. Ikusleek eurek argitu behar zuten hilketa. Arrakasta handia izan zuen”.

Bestelako lan ugari ere egin ditu antzerkian: mikroantzerkirako gidoi bat, film labur bat, film espainiar batean parte hartu… Aurtengo udan, Finlandian eta Suezian izan da, kruzero batean, kaleko animazioa egiten.

Batukada eta musika

Batukada da Nerearen beste jardun nagusienetako bat. Zuzendaria da Tambolas izeneko emakumezkoen batukada taldean eta Batubaroa izena duen beste talde batean ere jotzen du, brasildar eta latindar erritmora. Horrekin batera, eskolaz kanpoko saioak ematen dizkie ume eta gurasoei, eta boluntario moduan ere jarduten du indarkeria jasan duten emakumeei eta ezintasunen bat duten pertsonei laguntzen dien proiektu batean.

Hori gutxi ez, eta dueto bat ere badu Ijeshá izenekoa, musika afro-latino tradizionala eta euskal kanta ezagunak fusionatzen dituena.  

Soraluzen taldea sortzeko gogoa

Orain dela hiru-lau urte batukada irakasteko ikastaro labur eta intentsibo bat eskaini zuen herrian. Ordutik, buruan du herrian beste ikastaro bat eskaintzea, aukerarik balego, batukada talde bat sortzeko. “Ederra litzateke hainbat adinetako jendea batu eta taldetxo bat sortzea egun berezietan jotzeko eta elkarrekin gozatzeko. Batukada terapeutikoa da, erritmo purua. Buruak deskonektatu egiten du eta lasaitu egiten du Bide batez, nik herriarekin lotura polit bat izango nuke, Bartzelonan bizi arren”. Beraz, dena ondo badoa, laster, herrian batukada ikastaro bat antolatuko du Nereak. 

Momentuz, Bartzelonan

Maragall auzoan bizi da: “Herri txiki baten antzekoa da eta, aldi berean, denetarik egiteko aukera duzu: musika, pintura, antzerkia, esku-lanak… Okurritzen zaizun guztia dago hemen. Ikastaro ugari eskaintzen dituzte zentro sozialetan, oso merkeak, eta ederra da hori dena eskura izatea”.

Momentuz ez du asmorik Bartzelonatik mugitzeko: “Urtero izaten dut tentazioa bueltatzeko, baina hemen mila saltsatan sartuta nago eta gustura nabil”. Gainera, aurten, aktore ikastaro bat egingo du, teknika berriak ikasteko, eta Teatre Nu txontxongilo konpainia batekin ere hasi da lanean, euskarazko obra bat interpretatzen: “Mauro dinosauroa du izena eta pozik nago, Euskal Herrira joango garelako; Bilbora, hain zuzen”.

Etorkizunean gustatuko litzaioke aktore lanetik bizi ahal izatea, “lan osagarririk” egin beharrik gabe: “Astean zazpi eguneko lana da, baina nik gozatu egiten dut. Bizimodu ederra da. Antzezten dihardudanean, publikotik entzuten ditudan barre algarak, negarrak… Hori baino konpentsazio hoberik ez dut ezagutzen”.

Kaka asko, Nerea!

Siberiar tigrearen pertsonaia prestatzen, itsasontzian, Helsinkitik Estokolmora bidean.

Batubaroa taldearekin, Sagrada familian egindako aktuazio batean.

Una cena de muerte antzezlanean, jabearen lagun hippy-aren pertsonaia papera egiten.

Super geniales en realilandia antzezlanean, Arrobita pertsonaia antzezten. 

 

Nerea, Mauro dinosauroa txontxongilo ikuskizuna antzezten.