Andoni Calles: "Lasaitasuna igarri dut, batez ere"

Ubane Madera 2018ko abe. 1a, 09:14
Andoni Calles bañu hotza hartzen. Argazkia: Fernan Oregi.

Andoni Calles Wim Hof metodoa praktikatzen ari da buru-belarri urriaz geroztik. Hiru fundamentutan oinarrituta dago berri samarra den metodo hori: arnasketak, hotzarekin kontaktua eta meditazioa (auto-kontrola). Berau praktikatzen daraman hilabete eskasean onura asko igarri dituela dio eta Wim Hof praktikatzea gomendatzen dio edozeini. Are gehiago kontuan hartuta "arnasa hartzea doan" dela eta "bizitza ematen" duela.

Zer da Wim Hof metodoa?
Egunero arnasketak egin behar dira, hiper-bentilatzeko, gorputzari normalean baino oxigeno gehiago sartuta. Horrekin gorputza alkalinizatu egiten da, eta adrenalina eta pultsazioak igo egiten dira, gorputzaren PHa ere bai…  Horrek guztiak estresa kentzen laguntzen du eta gorputzeko defentsak igo egiten ditu, barruko indarra handituz. Eta horrek guztiak gaixotasunei aurrea hartzen laguntzen du.

 

Eta hotzarekin harremana?
Urriaren 12tik ur hotzarekin dutxatzen naiz, eta ahal dudan guztietan bainuak hartzera joaten naiz, Mutxanera, Usakora, itsasora… 5-6 minutu 7-8 graduan dagoen ur barruan egotea lortu dut. Meditazioa, berriz, egunero egiten dut esnatu eta berehala, 20 bat minutuz. Gero, arnasketak egiten ditut eta ondoren dutxa hotza hartzen dut. Pentsa, arnasketak egiten igartzen dut aurrera egin dudala. Adibidez, lortu dut 2 minutu egotea arnasa hartu barik.


Igarri duzu aldaketaren bat?
Bai, batez ere, demaseko lasaitasuna nire buruan. Ideiak, dena, garbiago ikusten dut eta osasuntsuago igartzen dut nire burua.

 

Inguruan jende gehiago ere badabil Wim Hof metodoa praktikatzen, ala?
Herrian beste lagun bat ere badabil, bai. Asmoa da herrian taldea egin eta zapatu goizetan-edo elkartzea. Ikastaroetara joaten hastea ere nahi dut. Asmoa da sakontzea. Zeren, gainera, edozeinek egiteko moduko zerbait da: "arnasa hartzea doan da, edozeinek egin dezake eta bizitza ematen du", hori berori dio Wim Hofek adibidez. Nik neuk edozeini gomendatuko nioke  Wim Hofa praktikatzea.