Eskaileratatik behera bizikletarekin

Ubane Madera 2018ko aza. 29a, 12:20

Zauritutako mutikoa anbulantzian sartzen, ama ondoan duela.

Adin txikiko batek istripua izan du 11:00ak aldera Gabolatsen. Bizikletaz Gabolatseko aldapa jaisten zebilela, Gabolatseko 34 atariko eskaileretatik behera egin du, egundoko golpea hartuta. Berehala bertaratu dira anbulantziak, eta mutikoa (10-14 urte bitartekoa) eraman egin dute ospitalera. Zorionez kontziente eraman dute.

11:00ak apur bat pasatuta zirela jaso du udaltzaingoak mutiko batek istripua izan duenaren abisua. 11:10 ingururako ya bertan ziren osasun zerbitzuak. Bi anbulantzia bertaratu dira, oinarrizko bizi euskarriduna eta arrunta.

Golpe ikusgarria

Mutikoari, 10-14 urte ingurukoari erorikoa izan duen lekuan bertan eman diote arreta; esku-ohean ipini, ondo lotu dute ahalik eta gutxien mugitzeko, eta hasierako azterketa egin diote osasun profesionalek. Hankan min hartu duela segurua da, hortik aurrerakoa, berriz, ospitalean aztertuko dute ondo. Ze mutikoak hartu duen golpea ikusgarria izan dela diote lekukoek. Adibide modura, bizikletaren atzeko errubera erabat oker geratu da, erabili ezinda.

Hala ere, haren ama etorri denean, berarekin berba egin du, eta sikiera, konortea galdu gabe zuela eraman dute anbulantzian ospitalera, amak lagunduta.