Belaunaldi aldaketaren inguruan hausnartu dute Gure Lurra 2 jardunaldian

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko aza. 27a, 17:25

Gure Lurra Sembrando Futuro  2 jardunaldia egin da astean Kursaal jauregian, Tony Nadal edo Alvaro Neil bezalako ahots ezagunekin eta lehen sektorea ogibide aukeratu duten bost gazteren testigantzekin.

Herritarren eta baserriko munduaren topagune gisa  bultzatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko lehen sektoreko eragileek Gure Lurra Sembrando Futuro 2 ekitaldi. Tony Nadal eta Domingo Merinok lehen sektorean ekintzailetza eta bizimodu hori aukeratu duten gazteen motibazioak nabarmendu dituzte. 500 herritar baino gehiago hurreratu dira Kursaal jauregian jarritako hitzordura eta bertan izan dira, euskal erakundeetako hainbat ordezkari ere, tartean, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, eta Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Ainhoa Aizpuru.

Iaz hasi zuen bere ibilaldia jardunaldi honek. lehen sektoreko eragileak lurraldeko landa ingurunearen etorkizunari buruz egiten ari diren parte-hartze prozesuaren barruan. Batez ere, sortu da lehen sektorea ikusgarri egiteko, eta sektore horrek Gipuzkoako gizartearen ongizateari eta Gipuzkoako paisaia eta natur ingurunea kontserbatzeari egiten dion ezinbesteko ekarpena aitortzeko.

Topagunean gehienbat  jorratu dira nekazaritza sektorean gazteen egoera eta belaunaldi aldaketa. “Gipuzkoan nekazaritza sektoreak daukan erronkarik handienetarikoa belaunaldi aldaketa da, hau da, gazte berriak nekazaritza sektorean barneratzea. Horretarako, dudarik gabe, sektore honetako jarduerek errentagarritasuna badutela demostratu behar da, baserritik edo nekazaritza jardueratik bizimodu duin bat lor daitekeela”, adierazi du Markel Olanok. “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du ulertzen XXI. mendeko Gipuzkoa nekazariza sektorerik gabe, paisaian, kulturan, gure idiosinkrasian, ekonomian...duen eraginarengatik, baina egia da horren arriskua badagoela”, gehitu du diputatu nagusiak.

Belaunaldi aldaketa erronka nagusi izanik, 2004. urtean euskal administrazioek GAZTE PLANA izeneko ekimena martxan jarri zuten eta Euskal Autonomi Erkidegoak Europara aurkezten duen Landa Garapen Programan ere barneratu zen, Europako diru laguntzez baliatzeko. GAZTE PLAN hau Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien elkarlanaren bidez gauzatzen da eta oinarrian honetan datza: gazte batek (40 urte baino gutxiago) lehen sektorearekin zerikusia duen ideia edo asmoren bat badu eta gauzatu nahi badu, programa honek aukera ematen dio bost urtean bere ideia mamitu eta martxan jartzeko, horretarako monitorizazio eta tutorizazio dinamika baten barruan. Funtsean, bere ideia proiektu bihurtu, bideragarritasuna aztertu eta, hala bada, ejekutatzen laguntzen zaio. Horretarako, formatu eta monitorizatu egiten da bost urte horietan, eta Foru Aldundiak 70.000 eurotaraino iritsi daiteken “beka” moduko bat ematen dio gazteari.

2004. urtetik gaur arte, programa honetatik igaro eta sektorean instalatu diren gazteak 220 inguru izan dira. Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero 800.000 euro inguruko aurrekontu bat zuzentzen du plan honetara eta, bataz beste, urtero 20 gazte inguru sartzen dira.

Hain zuzen ere, plan horri esker, beraien enpresak abian jarri dituzten bost gazteren testigantzak entzun dira jardunaldian. Lehen sektorea ezagutzen zuten eta beraien gurasoen ogibidearekin jarraitzea aukeratu duten Leire Lizeaga eta Joxe Ramon Arsuagaren esperientziak, edota hiriko etxea eta lana utzi eta baserrira joan eta baserritik bizitzea aukeratu duten Martina Urbistondo eta Jon Harreduy senar emazteen edo Aintzane Garmendiaren hautuak.

Bazkal ostean, Gipuzkoako produktu goxoenak dastatu ondoren, Alvaro Neil “biziklown” ezagunak zabaldu du arratsaldeko ekitaldia. Nomada, pailazo, egile, dokumentalista eta, batez ere, inspiratzailea. Hamahiru urtetan, bizikletaz 117 lurralde zeharkatu ditu bere clown ikuskizunarekin. Motibazioan eta inspirazioan jarri du indarra gaurkoan, irribarrea alboratu gabe. Ondoren, Pedro Berriotxoa eta Lorea Muguruzak testu liburuetan agertzen den baserriaren inguruan egin duten ikerketa aurkeztu dute.

“Estereotipoz beterik dagoen baserri mundu bat aurkezten digute testu liburuek, gaur egungo errealitatearekin zerikusi gutxi dutena”, azaldu dute Muguruza eta Berriotxoak.

Amaitzeko, ekitaldiko protagonista batzuk lehen sektoreko hausnarketak partekatu dituzte mahai inguruan. Eneko Goia Donostiako alkateak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak eman diote jardunaldiari amaiera. “Gauza batean denok gaude ados, administrazioak eta sektoreko eragileak: belaunaldi aldaketa eta sektorea gaztetzea da daukagun erronkarik nagusiena. Horrek segituan garamatza baliabide gehiago jarri beharra daukagula esatera. Baina aldi berean, eraman behar gintuzke dauzkagun baliabide mugatuak sektorea gaztetzeko ekimenetara nola fokalizatu pentsatzera ere. Ariketa zaila da, horrek eskatzen duelako beste leku batzuetara zuzendutako baliabideak gazte planera bideratzea eta, azken batean, beste esparru batzuk sakrifikatzea eskatzen duelako. Baina estrategiak aukeratzea exijitzen du”, amaitu du esanez Aizpuru diputatuak.